Politika -

Kartzela politika

Etxeratek giza kateak egingo ditu sakabanaketa salatzeko, abenduan

25 urteko sakabanaketaren ondorioz errepidean 16 lagun hil direla, eta "inolako errekonozimendu politiko, sozial eta instituzionalik jaso ez duten biktimak" direla gogorarazi dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak sakabanaketa politika "ankerra" salatzeko hiru giza kate egingo ditu abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Gasteizen, Iruñean eta Baionan.

Etxeratek prentsaurrekoa eman du Ajuria Ene parean ekitaldi horien berri emateko eta herritarrei parte har dezatela eskatzeko.

Iñaki Gabilondo eta Izaskun Abaigar bozeramaileek azaldu dutenez, sakabanaketa politikaren 25 urteotan 16 senide edo lagun hil dira errepidean, eta "inolako errekonozimendu politiko, sozial eta instituzionalik jaso ez duten biktimak" dira.

Gaixo dauden presoak ere izan dituzte hizpide, eta horiei ezartzen dieten kartzela politika "krudela" salatu dute. Era berean, bisitan joaten direnek "eraso fisikoak, miaketa umiliagarriak eta kontrolak" jasaten dituztela ere ekarri dute gogora.

"Gatazka politiko honen indarkeria eta eraso zuzena jasaten jarraitzen dugun bakarrak gu gara", gaineratu dute, Euskal Herriko "garai berrian" oraindik "giza eskubideak sistematikoki urratzen" dituztela azpimarratu aurretik.

Hori guztia salatzeko, Etxeratek hiru giza kate antolatu ditu abenduaren 10erako. Etxeraten zapiarekin eskuz esku lotuta, 12:00etan hasiko dira Iruñeko eta Gasteizko giza kateak, eta 18:30ean Baionakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak