Politika -
Haustura
UPyDk eta Ciutadansek negoziazioak bertan behera utzi dituzte
Rosa Diezek eta Albert Riverak bilera egin dute Madrilen. Bilera amaitu eta gero hausturaren berri eman du Riverak eta triste agertu da “hirugarren bide” horretan aurrera egiterik izan ez dutelako.
Erredakzioa
Hauteskundeei begira aliantzak osatzeko negoziazioak bertan behera utzi dituzte UPyDk eta Ciutadansek. Rosa Diez eta Albert Rivera bi alderdietako buruzagiek azken bilera egin dute arratsaldean, Madrilen.
Bilera bukatu eta gero, negoziazioak hautsi direla jakitera eman du Albert Rivera Ciutadanseko presidenteak. Rivera triste agertu da, “hirugarren bide” horretan aurrera egiterik izan ez dutelako.
“Zazpi urte eman ditugu UPyDri akordio bat beharrezkoa dela buruan sartzeko ahaleginean, unea iritsi dela uste genuen, baina ez da posible izan”, adierazi du.
Tentsioak
Udal-hauteskundeetara aurkezteko akordioa publikoki eskaini zion Albert Riverak Rosa Diezen alderdiari, eta horrek tentsioak sortu zituen.
Riverak publikoki negoziazioen berri ematea ez zuen ongi hartu UPyDk. Hauteskundeetarako ituna lortzeko lantaldea sortu zuten bi alderdiek, eta negoziatzen eta informazioa partekatzen ari ziren.
Elkarrizketak iragan irailean hasi ziren. Bi alderdietako zuzendaritzak aurreneko bilera egin zuten orduan, eta “mugarik” jarri gabe negoziazioekin aurrera jarraitzea adostu zuten.