Politika -

AEB

Obamak 5 milioi etorkin erregularizatuko ditu

AEBko presidentearen aginduak azken hamarkadetako erregularizazio masibo handiena ekarriko du, baina neurri ahula da, hurrengo agintariak erraz utzi lezakeelako bertan behera.

Barack Obama AEBko presidentea. EFE
Barack Obama AEBko presidentea. EFE
Obamak bost milioi etorkin erregularizatuko ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak herrialdetik kanporatzeko zorian zituzten milioika etorkinen egoera erregularizatzea agindu du, Kongresuan immigrazioaren arloko erreforma blokeatuta dagoela ikusita.

Horrela, agiririk ez duten bost milioi etorkin euren jatorrizko herrialdetara kanporatzea galaraziko du Obamak, baina aurrekari kriminalak dituztenak edo AEBra duela gutxi iritsitakoak aberriratu egingo ditu.

Etxe Zuritik eskainitako hitzaldi batean, agindu hau botere betearazlearen neurri bat baino ez dela gogorarazi du presidenteak, eta, horrenbestez, behin betiko lege proiektu bat onartzea eskatu die legegileei.

Duela urte eta erdi, Senatuak migrazio sistemaren erreforma bat onartu zuen, agiririk gabekoei hiritartasun estatubatuarra emateko, baina Behe Ganberak blokeatu egin zuen, errepublikanoen esku dagoelako, eta, harrezkero, proiektua ez aurrera ez atzera dago.

"Gure uztak biltzen eta gure oheak egiten dituztenak egoera legezkoan egotea galarazten duen nazio bat gara, ala euren seme-alabei etorkizun hobea ematea ahalbidetzen dien nazio bat gara?", galdegin du Obamak.

Hain zuzen ere, seme-alaba estatubatuarrak dituzten edo AEBra 2010. urteko urtarrilaren 1a baino lehen iritsi ziren agiririk gabeko etorkinak erregularizatuko ditu Obamak.

Gainera, 2012. urtetik agiririk gabeko 580.000 gazte kanporatzea galarazi duen DACA programa luzatu egingo du. AEBra 16 urte baino gazteagoak izanda iritsi ziren eta herrialdean 2010eko urtarrilaren 1etik baino lehenagotik dauden etorkinak erregularizatuko dituzte programa horren baitan.

Obamaren aginduak azken hamarkadetako erregularizazio masibo handiena ekarriko du, baina neurri ahula da. Izan ere, botere betearazleak emandako agindua baino ez da, eta ez botere legegileak onartutako legea. Hori dela eta, AEBko hurrengo presidenteak erraz utzi lezake bertan behera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Barack Obama bideoak