Politika -
Gipuzkoa
Gazteluko alkateak, prebarikazioagatik inputatuak, dimititu egin du
Mikel Belloso (Bildu) eta Bilduko beste hiru zinegotzi 2012an salatu zituen Udaberri Taldeak, lur-sail baten salmentaren inguruko irregulartasunak medio.
Erredakzioa
Mikel Belloso (Bildu) Gazteluko (Gipuzkoa) alkateak dimisioa aurkeztu du eta gaur onartuko du Udalak, osoko bilkura batean. Tolosako auzitegiak inputatu egin zuen Belloso prebarikazioagatik.
Alkateak irailaren 30an aurkeztu zuen dimisioaren idatzia, baina gaur izango da hori onartzeko batzarra. Gainera, gaur bertan aukeratuko dute Tolosaldeko 170 biztanleko herriaren alkate berria.
Idatzian, Mikel Bellosok "arrazoi pertsonalak" azaldu ditu dimisioa emateko arrazoi gisa.
Udaberri Taldea plataforma independenteak jarri zuen Bellosoren kontrako salaketa 2012an, lur-sail baten salmentan prebarikazio delitua eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta.
Udaberri Taldearen arabera, Udalak 54.000 euroan saldu zuen lur-sail bat tasatutako bi etxebizitza egiteko, eta plataformak dio lur-sail horrek gutxienez 154.000 euroko prezioa izan beharko lukeela.
Lur-saila enkantean aurkeztu zen enpresa bakarrari eman zioten, Juan Jose Otegi Gazteluko alkate ohiaren enpresari, eta Belloso da lur-sailean eraikitzen ari diren etxebizitzetako baten jabea, oposizioko taldearen arabera.
Fiskaltzak auziko jarduerak behin behinean etetea eskatu du, baina epaitegiak adituen frogak eskatzen jarraitzen du.
Izaro Goikoetxea Udaberri Taldeko zinegotziak eskaria egin dio EH Bilduri, inputatutako pertsona bat alkate izan ez dadin; izan ere, herriko Bilduko zinegotzi guztiak daude inputatuta Bellosoren auzian.