Politika -
28 gazteren aurkako auzia
Abenduaren 18an ANra joateko deia egin dute Eleak eta Librek
Segiko ustezko 28 kideen aurkako epaiketaren azken saiora joan ahal izateko autobusak jarriko dituzte.
Erredakzioa
Eleak mugimenduko eta Libre dinamikako kideek abenduaren 18an Auzitegi Nazionalera joateko deia egin dute. Egun horretan egingo da Segiko kide izatea egotzita epaitzen ari diren 28 gazteren aurkako epaiketaren azken saioa.
Bi taldeek prentsaurrekoa eskaini dute Gasteizen eta euren burua erruduntzat jo dituzten hainbat lagunen testigantzak torturapean lortu izana salatu dute. Egoera horren aurrean epailek “ezer egin ez izana” deitoratu dute.
“Akusatuta dauden gazteek ez dute inongo deliturik egin, euren militantzia politikotik haratago”, salatu dute. Euskal gizarteak “epaiketa politikorik” ez duela nahi ohartarazi dute, eta euskal gatazkarentzat “konponbide politikoa” eskatu dute.
Eusko Alderdi Jeltzalea ere hizpide izan dute prentsaurrekoan. “EAJk Eusko Jaurlaritza zuzentzen duen arren, badirudi bere herritarrak babesteko nahikoa indarrik ez duela”, zehaztu dute.
Desobedientziarako deia egin die jeltzaleei eta bat egin dezatela epaiketa politikoak nahikoa direla esaten dutenei.
Espainiako Gobernuaren “irmotasuna” eta EAJren “obedientziaren” aurrean, “gero eta gehiago gara independentziarako bidea desobedientziaren bidetik egingo dugula uste dugunok”, gaineratu dute.
Hainbat mobilizazio egingo dituzte datozen asteetan Librek eta Elakek. Besteak beste, azaroaren 28an manifestazioa egingo dute Burlatan (Nafarroa).