Politika -

2015eko aurrekontuak

EH Bilduk jarraituko du EAJrekin negoziatzen, gastu soziala bermatzeko

Sozialistekin lortutako akordioaren ostean, gainerako alderdiek negoziatzen jarraitzeko borondatea azaldu dute, haien lehentasunak aurrekontuetan jaso ditzaten.

egibar

EH Bildu eta PP, aurrekontuak onartzeko akordioa lortzeko prest

3:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk 2015eko aurrekontuak negoziatzen jarraitzeko borondatea azaldu du, baina Jaurlaritzari aurrekontu-proiektuan jasotako lehentasunen hierarkia aurpegiratu dio; koalizioaren aburuz, gastu sozialak izan behar duelako lehentasunik handiena.

PPk, halaber, EAJrekin hasitako negoziazioei ere eutsiko diela adierazi du, eta bere lehentasunetako bat enplegua sortzea izango da, alderdiaren arabera.

Radio Euskadin egindako tertulia batean, Joseba Egibar EAJren bozeramaleak azaldu duenez, PSE-EErekin erdietsitako akordioaren bidez, zerga-bilketan jasoko duten diruarekin zer egin zehaztu dute.

Gainera, ziur agertu da PSE-EErekin lortutako “hurbiltasun” horren bidez bere alderdiak aurrekontuak onartu ahal izango dituela, abstentzioaz baliatuta bada ere, eta ez aldeko botoa jasota.

Bestalde, Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistaren esanetan, onartutako proiektua ez da PSE-EEk egingo zuena, baina “negoziazioak zabalik” jarraituta, hobetzeko aukera badago, eta horrela baliteke sozialistek bozketa onartzea “erraztea”.

Oskar Matute EH Bilduren legebiltzarkidearen hitzetan, bere koalizioa “lanean ari da aurrekontuetan babes sozialak duintasunez bizitzea ahalbidetzeko”, behar duten herritarrentzat.

Horrela, berretsi egin du “aurrekontuetan krisia gehien sufritzen ari direnentzat babes soziala nahikoa bermatzeko” koalizioak egindako eskaera, osoko zuzenketa aurkeztea ekiditeko, baina, nabarmendu du oraindik denbora dagoela EAJrekin horren ildotik negoziatzeko.

PPren aldetik, Anton Damboreneak baieztatu egin du bere alderdia EAJrekin bilduko dela datorren astean, eta orduan ikusiko dute akordioa lortzeko tarterik ote dagoen, baina, ohartarazi duenez, Alderdi Popularrentzat aurrekontuetan enplegua sortzeko diru-partida handiagoa egon beharko luke, eta orain “geldituta daude”.

Urkullu, erregearekin

Larunbat honetan, EAJk eta EH Bilduk baloratu egin dute atzo Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako erregearekin egindako bileran, Estatuaren ereduaren inguruan esandakoak.

Egibarrek eta Matutek adierazi dute egungo Estatu eredua krisi sakonean murgilduta dagoela, eta horren gaineko hausnarketa beharrezkoa dela.

Bestalde, PSEk eta PPk uste dute aldarrikapen hauek Kongresura eraman behar direla; erreforma egitekotan, bertan egin beharko litzatekeelako Konstituzioaren erreforma.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza EAE albisteak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE Euskadiko PP bideoak Euskadiko Aurrekontuak 2024