Politika -
Zubieta
Donostiako kartzela berriaren lanak urtarrila ostean esleituko dituzte
EAJk kritikatu du Zubietako espetxea aurten ireki behar zela, baina azkenean 2015ean 1,7 milioiko aurrekontua izango duela, 2016an 300.000 eurokoa, eta 2017an 20,5 milioikoa.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan du urtarrilean amaituko dutela Zubietako (Donostia) espetxe berria, Martutenekoa ordezkatuko duena, eraikitzeko proiektuaren idazketa, eta ordutik aurrera hasiko dela lanen esleipena.
Fernandez Diazek horixe erantzun dio Joseba Agirretxea EAJren diputatuari Kongresuan. Izan ere, Agirretxeak galdetu dio ea zergatik "jarraitzen duen martxan Martuteneko espetxeak", duela 66 urte eraikiak, "erortzear" dagoenak.
Fernandez Diazek azpimarratu duenez, 70 milioi euroko aurrekontua dago aurreikusita urtarriletik aurrera esleituko dituzten lan horietarako.
Baina diputatu jeltzaleak jada lanekin hasteko deia egin dio, kartzelaren egoera oso txarra izateaz gain, Gipuzkoako hiriburuaren "zabalkundea oztopatzen" duelako. Gainera, Zubietako espetxea aurten inauguratu behar zutela, baina salatu du azkenean lanetarako aurrekontua 2015ean 1,7 milioikoa izango dela, 2016an 300.000 eurokoa, eta 2017an 20,5 milioikoa.
Bestalde, Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Herrian trafiko kontrolik ez egiteko eskatu dio Agirretxeak Barne ministroari.
Fernandez Diazek, ordea, erantzun dio Euskal Herrian izan zen azkeneko aldian Segurtasun Batzordea deitzea proposatu ziola Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari, baina horrek ez zuela egokitzat jo.