Politika -
Katalunia
Independentistei kalte egiteko polizia talde baten sorrera salatu dute
Kataluniako Gobernuak Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren dimisioa eskatuko du informazioa baieztatzen bada.
Erredakzioa
Ara egunkariak eta eldiario.es-ek gaur zabaldu dutenez, Espainiako Barne Ministerioak ezkutuko polizia talde bat eratu zuen Kataluniako alderdi independentistetako ustelkeria kasuak bilatzeko, horrela subiranotasunaren aldeko mugimenduari kalte egiteko.
Horren harira, Francesc Homs Generalitatearen bozeramaileak esan du Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainiarraren dimisioa exijituko duela polizia talde berezi horren sorkuntza baieztatzen bada.
"Herrialde normal batean ministroa joan egin beharko litzateke horrelako zerbait gertatuz gero", adierazi du agintari kataluniarrak, poliziak interes alderdikoiarekin ezin duela jokatu azpimarratu aurretik.
Bestalde, Anna Simo ERCren bozeramaileak iragarri du Barne ministroaren eta Ignacio Cosido Espainiako Poliziaren zuzendariaren agerraldia eskatu duela Diputatuen Kongresuan gaiaz azalpenak eman ditzaten.
ERCren arabera, talde hori existitzen dela baieztatzen badute, legez kanpokoa izango litzateke. Alderdi independentistak azpimarratu du Estatuak aurre egin behar diola iruzurrari, baina legearen barruan.