Politika -

Justizia

Epaileek ustelkeria delituen preskripzio epea luzatzea eskatu dute

Epaile dekanoek hainbat neurri proposatu dituzte ustelkeriari aurre egiteko eta 'beharrezkoa den birsorkuntza demokratikoa'ri heltzeko.

Santiago Pedraz epailea eta Pedro Viquer Valentziako epaitegietako dekanoa. Argazkia: EFE
Santiago Pedraz epailea eta Pedro Viquer Valentziako epaitegietako dekanoa. Argazkia: EFE
Santiago Pedraz epailea eta Pedro Viquer Valentziako epaitegietako dekanoa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako epaile dekanoek ustelkeria kasuetan preskripzio epea luzatzea eta zigorrak handitzea, eta portaera horiekin loturiko delitu berriak tipifikatzea proposatu dute.

Aipaturiko horiek "Prozesu penala aldatzeko eta ustelkeriari aurre egiteko hausnarketak" dokumentuan bildutako proposamenetako batzuk baino ez dira, eta dokumentu osoa aurkezteko Espainiako epaile dekanoek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Valentzian.

Dekanoek hainbat neurri proposatu dituzte ustelkeriari aurre egiteko eta "beharrezkoa den birsorkuntza demokratikoa"ri heltzeko.

Preskripzio epea luzatzeaz gain, ustelkeriarekin lotura duten hainbat delitu egiteagatik ezarritako zigorrak gogortzea proposatu dute; besteak beste, influentzia trafikoa eta prebarikazio delituak dauden kasuetan.

Halaber, zeharka, ustelkeria errazten, ezkutatzen edota babesten duten jokabideak izateagatik zigorrak handitzea, eta laguntza behar duten epaitegiei "berehala" laguntza ematea eskatu dute, "bereziki ustelkeria kasuak direnean".

Proposatutako beste neurrietako bat delitu berriak ezartzea da: alderdi politikoen legez kanpoko finantzazioa, eta kargu publikoak dituzten bitartean bidegabe aberastea, esaterako.

Ustelkeria kasuetan, zigorra bertan behera uztea edo ordezkatzea mugatzea edota debekatzea ere proposatu dute, "salbuespenezko kasuetan salbu eta, beti ere, hartutako edo bidegabe erabilitako dirua itzuliz gero".

Bestalde, delitu ekonomikoak epaitzeko edota bideratzeko epaitegi probintzialak edo autonomikoak espezializatzea, eta aforamenduak berrikustea "askotan prozesuak oztopatzen eta moteltzen dituztelako".

Azkenik, bitarteko gehiago eskatu dituzte Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzarentzat eta delitu ekonomikoak zein finantzarioak ikertzen dituzten talde berezientzat, peritu kontableen talde bat sortzea epaitegien zerbitzura, eta Justiziaren eta Ogasunaren, Espainiako Bankuaren eta Estatuaren arteko lankidetza bultzatzea.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ustelkeria politikoa azken albisteak Ustelkeriaren mapa Espainian