Politika -
Araba
Frankismoko krimenen kontrako plataforma ez da omenaldira joango
Arabako Diputazioak frankismoko biktimak oroitzeko ekitaldia egingo du gaur. Plataformak PPren hipokresia salatu du, 'biktimak omentzeagatik eta, aldi berean, biktimarioen inpunitatea babesteagatik'.
Erredakzioa
Frankismoko krimenen kontrako plataformak Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak eginiko gonbidapena baztertu du eta ez da Arabako Foru Aldundiak Francoren diktadurak errepresaliaturiko pertsonei gaur egingo dien omenaldira joango.
"Egoera aztertuta eta une honek frankismoaren inpunitatearen kontrako borrokan daukan garrantzia ikusita, plataformak ekitaldi horretara ez joatea erabaki du", adierazi du Frankismoko krimenen kontrako plataformak ohar batean.
Ekitaldia gaur 18:00etan izango da, Probintzia plazan horien omenez dagoen monumentuaren ondoan (Jauregiaren atzean).
Frankismoko krimenen kontrako plataformak PPren hipokresia salatu du, 'biktimak omentzeagatik eta, aldi berean, biktimarioen inpunitatea babesteagatik".
"Giza eskubideen alorrean nazioarteko legediaren alde badago, frankismoak errepresaliaturiko milaka arabarrei Javier de Andres ahaldun nagusiak egin diezaiekeen omenaldirik onena Argentinan zabaldutako prozesua bultzatzea eta babestea eta ebazpenak bete daitezen eskatzea da", gaineratu du.
Azkenik, alderdi politikoei eskari garbia egin die: Argentinan zabaldutako kereila babes dezatela eta Espainiako Gobernuari presioa egin diezaiotela, Maria Servini epailearen ebazpenak bete ditzan.