Politika -
Gardentasunaren Legea
Gardentasunaren Ataria, martxan eguerditik
Espainiako Gobernuak 530.000 datu eskegiko ditu bertan, hala nola soldatak, kontratuak eta diru-laguntzak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Gardentasunaren Ataria (transparencia.gob.es) martxan jarriko du gaur eguerdian. Webgune horretan, 530.000 datu eskainiko ditu, hala nola kontratuak, goi-kargudunen soldatak, diru-laguntzak eta beste hainbat gastu.
Gainera, herritarrek galderak egin ahal izango dizkiote Estatuko Administrazio Nagusiari, eta horrek 30 eguneko epean erantzun beharko du.
Gardentasunaren Legeak ezartzen duenez, webguneak bilatzaile bat eta hiru atal ditu: informazio instituzionala, legeei buruzkoa eta ekonomikoa. Espainiako Gobernuko presidentearen eta ministroen jarduerei buruzko informazioa ere gaineratuko dute.
Informazio instituzionalaren atalean, ministerioen egiturak, horien arauak, departamentuen funtzioak eta goi-kargudunen curriculumak zehaztuko dituzte, beste hainbat daturen artean.
Legeei dagokienez, Espainiako Gobernua izapidetzen ari den legeak eta indarrean daudenak publikatuko dituzte. Hori horrela, lege proiektuak Kontseiluen Ministroak onartu eta gero egingo dituzte publiko, eta horien ondorio ekonomikoen azterketak ere ezagutaraziko dituzte.
Informazio ekonomikoaren sailean, ministerioen kontratuak, itunak, soldatak, diru-laguntzak (alderdi politikoei emandakoak barne), kalte-ordainak, txosten fiskalak, auditoriak, ondasunen zerrendak eta informazio estatistikoak eskegiko dituzte.
Herritarrek galderak egin ahal izango dituzte, NAN elektronikoa badute, eta erantzuna posta arruntaz edo webgunean bertan emango diete. Oro har, Administrazioa eskatutako informazio guztia ematera behartuta dago, baina muga batzuekin. Adibidez, segurtasun publikoarentzat edo interes ekonomikoentzat arriskutsuak edo kaltegarriak izan daitezkeen datuak ukatu egingo dituzte.
Norbaiti informazio bat ukatzen badiote, kexa bat aurkeztu ahalko du Gardentasunaren Kontseiluan, eta horrek berriz aztertuko du eskaera.
Errege Etxeari buruzko informazio eskaerak Espainiako Gobernuaren Presidentetza Idazkaritzaren bitartez bideratuko dituzte.