Politika -
Radio Euskadi
Udalek aplikatu beharko dute Menpekotasunen Legea, onartu du EAJk
Gainera, Egibarrek adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimenak ez dauka “zigortzeko” izaerarik, baina aitortu du “erresistentzia eta akordioak lortzeko beharra” izango dutela.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren legebiltzarkideak onartu du Menpekotasunen Legeak “arazo larria” izango duela gauzatzeko orduan, udalek aplikatu beharko dutelako, udal-ordenantzen bidez.
Gainera, bozeramale jeltzaleak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimenak ez dauka “zigortzeko” izaerarik, baina aitortu du “erresistentzia eta akordioak lortzeko beharra” izango dutela.
Bestalde, gainerako alderdiek ontzat jo dute osasuna kaltetzen duten ohituren kontra egitea, baina ekimena aplikatzean izan daitezkeen “gehiegikeriez” ohartarazi dute.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Europa Pressen arabera, euskal alderdiek aurreko asteartean Eusko Jaurlaritzak onartutako Menpekotasunen Legearen proiektuaz (txokoetan, zuzen plazetan eta futbol zelaietan eragingo du, besteak beste) eztabaidatu dute.
Joseba Egibarren esanetan, ohiturak aldatzeko helburuarekin egindako lege guztiak “korapilatsuak” dira eta “hau horietako bat da”. “Legeak ez du zigortzeko izaerarik, baizik eta hezteko helburua”, esan du.
Horrez gain, jeltzalearen ustean, helburua “zuzena” da, baina “erresistentzia eta akordioak lortzeko beharra” izango da ohiturak aldatzean. “Zalaparta sortu zuen tabernetan eta frontoietan erretzea galarazi zenean, eta egun ez du inork erretzen”.
Gainerako alderdien kritika
Oskar Matute EH Bilduren legebiltzarkideak nabarmendu duenez, Gobernuak legeak egitea “ondo da”, baina ez du zentzurik “dena debekatzeko logikarekin jardutea”. Halaber, zalantzan jarri du alkoholaren kontsumoa kontrolatzea urteko zenbait “mugarrietan”, esaterako, San Tomas egunean.
Horren ildotik, Txarli Prieto PSE-EEren kidearen ustean, “zentzuduna” da proiektuaren atzean dagoen filosofia, baina “buru osasuna, eta osasun fisikoa eta soziala” ez dago arriskuan Euskadin “alkoholagatik eta tabakoagatik”, baizik eta ekonomiaren banaketa okerragatik.
Laura Garrido Euskadiko PPren bozeramaleak, gainera, iragarri du bere alderdiak “dagozkion kontsultak” egingo ditu kaltetutako sektoreetan, alegia, ostalaritza, txoko eta futbol zelaietan.
2015eko Aurrekontuak: “Badago denbora”
Datorren urterako Aurrekontuei dagozkienean, Egibarrek esan du hilaren 23ra arte badagoela “denbora” zuzenketa partzialak negoziatzeko, “tarte estua bada ere”, eta “negoziatzeko tartea asko estutu” den arren.
Horren haritik, EH Bildurekin akordioak lortzeko zailtasuna azpimarratu du, koalizioak aurrekontuekin egin nahi izan duen “malabarismoa” ikusita.