Politika -
Gernika
Jone Amezaga Gernikan agertu da, 19 egunez gordeta egon ostean
Amezagari urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten Gernikako gaztetxean ETAren anagrama zeukan pankarta bat jarrita 'terrorismoa goratu' zuela egotzita.
Erredakzioa
Ehunka lagun elkartu dira Gernikan, aterki laranjak eskuan hartuta, Jone Amezaga gazteari babesa emateko eta haren atxiloketa saihesteko.
Jone Amezaga gaztea Gernikan agertu da larunbat honetan, 19 egunez gordeta egon ostean. Gazteari urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, 2012ko Urriko Azkeneko Astelehenean Gernikako gaztetxean ETAren anagrama zeukan pankarta bat jarrita, "terrorismoa goratu" zuela egotzita.
"Jone Libre" plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu astebururako, Jone Amezagaren askapena aldarrikatzeko eta "herri libre bat eraikitzeko" haren konpromisoa "berresteko".
Plataformak bere Twitter kontuan azaldu duenez, Amezaga 15:00ak aldera azaldu da Gernikan, "Jone, libre" oihuen artean, eta ehunka pertsonek inguratu dute, haren atxiloketa saihesteko.
Amezagak esker oneko hitzak izan ditu Gernikara bertaratu direnentzat eta "egindako lana" eskertu du eta herri librea izateko horrela jarraitu behar dutela azpimarratu du.
Auzitegi Gorenak aurrez Auzitegi Nazionalak ezarri zion zigorra berretsi zuen udan, eta azaroan Amezaga atxilotzeko agindua eman zuen, ondoren, kartzelara bidaltzeko. Geroztik, ordea, gordeta egon da gaztea.
Bestalde, Jone Goirizelaia Jone Amezagaren defentsa abokatuak kartzela-zigorraren kontrako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean.