Politika -

Bizkaia

Jone Amezaga Gernikan agertu da berriz, ehunka lagunek babestuta

Amezagari urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten, ETAren aldeko pankarta bat jartzeagatik. Gorenak zigorra berretsi zuen udan, eta ANk atxilotzeko agindua eman zuen azaroaren amaieran.

Amezaga gaur, herri bizkaitarrean. Irudia: EiTB
Amezaga gaur, herri bizkaitarrean. Irudia: EiTB
Amezaga gaur, herri bizkaitarrean. Irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun, aterki laranjak eskuan zituztela, elkartu dira Gernikan (Bizkaia) Jone Amezaga urtebete eta erdiko espetxe-zigorra jaso zuen gazteari babesa emateko eta haren atxiloketa oztopatzeko. Amezagari, 2012ko Urriko Azken Asteleheneko azokan, ETAren aldeko pankarta bat jartzea leporatzen diote.

Amezaga igande goizean Gernikako merkatuko plazara bueltatu da, eta bertan bertaratutakoei zuzendu zaie jasotako babesa eskertzeko. Gainera, babesten duten pertsonei esker libre sentitzen dela adierazi du, Eleak mugimenduak zabaldu duenez.

Asteburu osoan, Jone Libre plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu udalerrian, esate baterako, kalejirak eta kontzertuak; horiek denak, presondegira sartu ez dezaten eskatzeko eta "herri aske bat sortzeko konpromisoa berresteko".

Auzitegi Gorenak aurreko udan baieztatu zuen Auzitegi Nazionalak emandako epaia, eta azaroan ANk Amezaga atxilotzeko agindu zuen, espetxean sartzeko. Ordutik, ihesean egon da Amezaga.

"Ordu batzuk barruk, epailearen esku"

Carlos Urquijo Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkaria ziur agertu da "Jone Amezaga, ordu batzuk barru, epailearen esku" utziko dutela, "espetxera bidaltzeko". Halaber, gogorarazi du Ertzaintzari dagokiola hiritarren segurtasunaz arduratzea EAEn.

SER Irratian egindako adierazpenetan, Europa Press albiste agentziaren arabera, Urquijok esan du, kasu honetan, Ertzaintzak "aurrea hartu" duela, "EAEko hiritarren segurtasunaz arduratzen" delako.

"Pentsatzen dut, pertsona hori atxilotzeko agindua egonda, terrorismoa goratzeagatik, Ertzaintzak beti erakusten duen profesionaltasunarekin ekingo diola atxiloketari, ahalik eta kalterik txikiena eraginda", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gernika-Lumo argazkiak