Politika -
Urte eta erdiko zigorra
Jone Amezaga atxilotu du Ertzaintzak Gernikan
Gaztea epailearen esku utzi dute jada. Operazioan 95 urteko emakume bat zauritu da, Herri Librea mugimenduak salatu duenez.
EITB.EUS
Ertzaintzak Jone Amezaga gaztea atxilotu du gaur goizean Gernika-Lumon. Amezagari, 2012ko Urriko Azken Asteleheneko azokan, ETAren aldeko pankarta bat jartzea leporatzen diote. Urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Gaztea epailearen esku utzi dute dagoeneko.
Ertzaintzak atxilotu ondoren, haren adierazpenak biltzen dituen bideo bat eskegi dute YouTuben. "Epaiketa politikoen aurka" eta "Euskal Herria aske izan dadin" lanean jarraitzeko deia egin du Jone Amezagak aipatu bideoan. "Bideo hau ikusten ari bazarete, atxilotu nautela esan nahi du, baina ez pentsatu egindako lana alperrik izan danik. Zuek egin duzue posible nik egun hauek Gernikan libre bizi ahal izatea eta asteburu honetan Gernika libre izatea", adierazi du. "Horregatik, konpromisoak batzen jarraitu behar dugu, epaiketa politikoen aurka eta herri hau libre izan dadin", amaitu du.
95 urteko emakume bat zaurituta
Bestalde, 95 urteko emakume bat zauritu da Ertzaintzaren operazioan, Herri Librea mugimenduak salatu duenez.
Lekukoek naiz.info atariari azaldu diotenez, emakumezkoa azokan zegoen, eta ertzainek lurrera bota dute. Ondorioz, zauriak ditu hanka batean, eta hainbat hezur hautsita esku batean.
'Gure betebeharra zen'
Auzitegi Nazionalaren aginduz, Jone Amezaga atxilotzea Ertzaintzaren "betebeharra" zela adierazi du gaur Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak.
Izan ere, eta epailearen aginduari erantzunez, Amezaga epailearen esku utzi dutela zehaztu du sailburuak.
Atxiloketa izan den unean Amezagarekin beste hainbat pertsona izan direla azaldu du Beltran de Herediak. "Erresistentzia pixkat" jarri duten arren, ez dela bestelako "ondoriorik" izan gaineratu du.
Urkulluri jarrera aldatzeko eskatu dio EH Bilduk
EH Bildu koalizioaren iritziz, Amezagaren atxiloketa "bidegabea bezain ulertezina da". Urkulluri "Madrilgo salbuespenezko auzitegien agindu bidegabeei ez jarraitzeko" galdegin dio Julen Arzuaga legebiltzarkideak. "Egoera horietan Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak beste jarrera bat erakutsi behar dute, herritar gehienek nahi duten moduan”, salatu du Arzuagak. “Segurtasun Saila salbuespenezko auzitegi batetik datorren agindua betetzetik harago joan da: txostena egin zuen Jone salatzeko; atxiloketa eskatu zuen eta gaur atxilotu du; Gernikan bizi duguna Jaurlaritzak berak bultzatu du”.
Asteburuan berragertu zen
Ehunka lagun, aterki laranjak eskuan zituztela, elkartu ziren atzo Gernika-Lumon (Bizkaia) Jone Amezaga urtebete eta erdiko espetxe-zigorra jaso zuen gazteari babesa emateko eta haren atxiloketa oztopatzeko.
Amezaga igande goizean Gernikako merkatuko plazara bueltatu zen, eta han bildutakoei zuzendu zaie jasotako babesa eskertzeko. Gainera, babesten duten pertsonei esker libre sentitzen dela adierazi du, Eleak mugimenduak zabaldu duenez.
Asteburu osoan, Jone Libre plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu udalerrian, kalejirak eta kontzertuak esaterako; horiek guztiak, presondegira sartu ez dezaten eskatzeko eta "herri aske bat sortzeko konpromisoa berresteko".
Auzitegi Gorenak aurreko udan baieztatu zuen Auzitegi Nazionalak emandako epaia, eta azaroan Auzitegi Nazionalak Amezaga atxilotzeko agindu zuen, espetxean sartzeko. Ordutik, ihesean egon da Amezaga.