Politika -
Hauteskundeak
'Politika egiteko modu berriei' lotutako hautagaien aldekoa da Quiroga
Euskadiko PPko buruak esan du ‘’jarrera aldaketa’’ bilatzen duela alderdiarentzat. ‘’Zenbait unetan pertsonak aldatu beharko dira, eta beste batzuetan ez’’, azaldu du.
Erredakzioa
Arantza Quiroga Euskadiko PPko buruak astearte honetan esan du datorren urteko hauteskundeei begira PPko hautagaien aukeraketa egiterakoan ''herritarrek eskatzen dutenari'' begiratu behar zaiola; ''politika egiteko modu berriei'', alegia.
Donostian eskainitako prentsaurrekoan egin du hausnarketa hori Quirogak, bertako alkatetzarako hautagaitzari buruzko galdera bati erantzunez. Horren inguruan ez du izenik aipatu, baina Quirogak esan du ''kalera irtetean adi'' egon behar duela alderdiak, herritarrak ''berrikuntzarekin lotutako aukerak'' hautatzen ari direlako, ''politika egiteko modu berriak nahi dituztelako''. ''PP ezin da albo batean geratu'', gaineratu du. Quirogak azaldu duenez, horrek ez du esan nahi Donostiako hautagaitzaren kasuan aldaketaren alde egingo dutenik.
Alderdiarentzat ''jarrera aldaketa'' nahi duela esan du EAEko buruak, eta, horretarako, zenbait unetan pertsonak aldatu beharko direla aurreratu du. ''Baina beste kasu batzuetan ez'', gaineratu du.
''Erresistentziatik eragin handiko aktore izatera''
Euskadiko PPn nahi duen aldaketa hautagaitzetatik harago doa, Quirogak esan duenez. Hala, EAEko alderdi popularra ''ETAk behartuta urte guzti hauetan'' egon izan den ‘’erresistentziatik’’ irten eta ''euskal gizartean eta politikagintzan eragin handiko aktore izatera’’ igaro behar da, Quirogaren aburuz. ‘’Horretarako jarrera aldaketa beharrezkoa da, barne aldaketa’’, adierazi du.
Horrek, baina, ‘’gauza konplikatuak uztartzea’’ dakar, besteak beste ‘’hainbat urtetan muturreko egoeretan politikagintza egin duten pertsonen lanari aitortza’’ aurpegi berriekin uztartzea.