Politika -
Krisi ekonomikoa
Azken 7 urteetako Gabonik onenak izango dira, Cospedalen esanetan
PPko idazkari nagusiak 'kontsumo eta enplegu' alorretan izandako 'hobekuntzak' nabarmendu ditu.
Erredakzioa
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak larunbat honetan adierazi duenez, azken zazpi urteotako Gabonik "onenak" izango dira kontsumoari eta enpleguari dagokionean. Halaber, 2015a "langabeziaren jaitsieraren, enpleguaren hazkundearen, hazkunde ekonomikoaren eta gizarte politikak egonkortzeko urtea izango da".
Cospedalek PPren Genovako egoitza nagusian egin ditu adierazpenok, eta harekin batera ekitaldian izan dira Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroa, Carlos Floriano PPko Antolaketa idazkaria, Javier Arenas PPren Politika Autonomiko eta Lokaleko idazkari nagusi ordea eta Veronica Lope PPko eurodiputatua.
"Espainia Europako motorretako bat da eta eredu ere bada", Cospedalen iritziz, Espainiako Gobernuak martxan jarri dituen erreformei esker. Are gehiago, erreforma horiek "enplegua sortzea, defizita murriztea eta gizarte zerbitzuak zein zerbitzu publikoak bermatzea" ahalbidetuko dutela azpimarratu du.
Oraindik ere "lan asko egiteke" dagoela aitortu badu ere, aurrera egiteko Espainiako herri osoaren beharrezko babesa dutela nabarmendu du.
Bestalde, Fatima Bañez Enplegu ministroak azpimarratu du krisia hasi zenez geroztik, lehen aldiz, enplegua sortu dela eta urtea 100.000 enpresa berrirekin amaituko dela. Horren esanetan, zifra horiek Espainiako gizartearen ahaleginek merezi izan duela erakusten dute eta, horregatik, gaurko hitza itxaropena dela gaineratu du.