Politika -

Ustelkeria

Suitzan kontua zuelakoan Triasen aurka irekitako ikerketa, artxibatuta

Bartzelonako alkatea pozik agertu da erabakiarekin eta orain 'Andorran ere konturik ez' duela frogatuko duela azpimarratu du.

Trias 'pozik' agertu da artxibatzearekin.
Xavier Trias
Trias 'pozik' agertu da artxibatzearekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xavier Trias Bartzelonako alkateak (CiU) Suitzan kontu korrontea zuelakoan abiatutako ikerketa artxibatzea erabaki Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, auziari eusteko nahikoa elementu ez daudela ulertuta, El Periódico de Catalunya egunkariak gaurko alean aurreratu duenez.

Informazio horren arabera, Fiskaltzak izapideak abiatu ditu baina ez du ikertzen jarraitzeko arrazoirik topatu. Triasek hasieratik bertatik ukatu zuen paradisu fiskaletan kontua zuela.

Triasen kontrako salaketa Delinkuentzia Ekonomiko eta Finantzarioaren Unitateak egindako ikerketa oinarri hartuta aurkeztu zuen Espainiako Poliziak.

El Mundo egunkariak eman zuen unitate berezi horren ikerketaren berri. Informazio horren arabera, Triasek Union de Banques Suisses banketxean kontua eduki zuen urteetan, eta Pujol auzia lehertu zenean, Andorrako beste batean sartu zuen dirua (13 milioi euro).

Trias, 'pozik'

Salaketa artxibatu dela eta, "pozik" agertu da Bartzelonako alkatea. Hedabideei egindako adierazpenetan azaldu duenez, Suitzan konturik ez duela frogatu eta gero, "Andorran ere holakorik ez dudala frogatzea espero dut".

Filtrazioa hizpide, "herrialde honetan gauzak nola egiten diren hausnartu" beharko genukeela azpimarratu du Triasek, eta albistea komunikabideen bitartez jaso izana deitoratu du.

Jorge Fernandez Diez Barne ministroaren aburuz, bestalde, artxibatzea "behin-behinekoa" da. "Gaur jakin du Fiskaltzak artxibatu duela, behin-behinekoz egin duela suposatzen dut. Normala da hori".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona Ustelkeria politikoa gaur Ustelkeriaren mapa