Politika -

Bilera, Bilbon

EAJ eta CDC: 'Birzentralizazioak 30 urteko akordioak hausten ditu'

Euskadiko eta Kataluniako "gatazka nazionalen konponbidea" erabakitzeko eskubidea aitortzea izango dela nabarmendu dute Andoni Ortuzarrek eta Josep Rullek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta CDCk salatu dutenez, "Espainiako Gobernuak abiatutako birzentralizazio prozesuak hautsi egiten ditu, aldebakarrez, duela hiru hamarkada lortutako akordioak".

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak lan-bilera egin dute gaur goizean Bilbon, ordu eta erdiz, eta, horretan, Euskadiko, Kataluniako eta Espainiako egoera ekonomikoak eta politikoak aztertu dituzte.

Bileraren ostean igorritako agiri batean, bi agintariek bere egin dute atzo Iñigo Urkullu lehendakariak eta Artur Mas Generalitateko presidenteak publikatutako agiria.

Halaber, Euskadiko eta Kataluniako "gatazka nazionalen konponbidea" erabakitzeko eskubidea aitortzea izango dela nabarmendu dute.

Horren ildotik, "euskal autogobernua berritzeko eta hobetzeko" modua Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldean akordioa lortzen saiatzea izango dela azaldu dio Ortuzarrek Rulli.

Hain zuzen ere, lantalde hori duela hainbat hilabete jarri zutela martxan eta 2015 urtean alderdi politikoen ekarpenak bilduko dituela zehaztu dio buruzagi jeltzaleak, "ahalik eta akordio zabalena" lortzea xede, ondoren erreferenduma deitzeko.

Bestalde, Rullek Kataluniako prozesu subiranistaren urratsak azaldu dizkio Ortuzarri, hala nola azaroaren 9ko kontsulta eta Artur Masek deitu nahi dituen plebiszitu-hauteskundeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia EAJ-PNV Kataluniako erreferenduma EAE albisteak