Politika -
EAJ
Egibar: 'Bilduk uko egin behar dio gizartea kontrolatzen saiatzeari'
EAJren GBBko presidenteak adierazi duenez, "ezker abertzalea serioski sartu behar da politikan, bete-betean parte hartuta".
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak ezker abertzaleari ohartarazi dionez, politikan sartzea "serioski egin behar da, bete-betean parte hartuta, alegia". Hori dela eta, "gizartea mendean hartzeko, kontrolatzeko eta feudal bihurtzeko saiakerak atzean utzi beharko ditu". "Uste osoz egitea edo beste erremediorik ez dagoelako egitea: ez da gauza bera", ondorioztatu du Egibarrek.
Jeltzalea Irunen izan da igande honetan, Bidasoako eta Oarsoaldeko eskualdeentzako EAJaren hautagaiak aurkezteko ekitaldi batean. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EAJren hautagaia ere bertan izan da.
"EAJk beti jakin izan du gizarteari pultsua hartu", esan du Egibarrek, "eta gizarteari konfiantza, miresmena eta konpromiso politikoa, demokratikoa eta etikoa eskaini dizkio". Hori dela eta, Egibarren irudiko, "ez da gauza bera politika letra larriz egitea, edo inposaketa estrategikoaren bitartez, hainbat bide politiko eta demokratikoen alde egitea".
"Zorionez" duela hiru urte eta erdi ETAk indarkeria armatua bertan behera utzi zuen, "eta hori berri ona da". Hala ere, jeltzalearen iritzian, "ezker abertzalea serioski sartu behar da politikan, bete-betean parte hartuta". Ondorioz, "gizartea mendean hartzeko, kontrolatzeko eta feudal bihurtzeko saiakerak atzean utzi beharko ditu".
Jendearen ongizatea bermatu
Bestalde, Markel Olanok aldarrikatu du "herritarren ongizatea eta gutxiengo duintasuna bermatzen duen" politika soziala. Halaber, "guztiontzako, eta ez bakarrik gutxi batzuentzako" bermatu nahi duela azpimarratu du, haren ustez, Javier Marotok "kutsu arrazistarekin" egiten duen bezala. Horren harian, gobernuz kanpoko erakundeekiko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du.
Gainera, Bilduk proposatutako zerbitzu sozialen kudeaketa zuzena kritikatu du Olanok, "eraginkortasuna galduko lukeelako, eta garestiagoa izango litzakeelako". "Haren esku ez dagoen guztia kontrolatu nahi du ezker abertzaleak", salatu du jeltzaleak, "eta horrek puntako alor batekin akabatzea ekar lezake".