Politika -

Bakea eta bizikidetza

'Autokritika' ardatz duen Zuzendu programa abiatuko du Jaurlaritzak

Presoen gizarteratzea autokritikarekin lotu nahi du Jaurlaritzak, kontzeptu horrek "zailtasunak gainditzeko abiapuntu" izan daitekeelakoan.

Autokritika, bakegintzan aurrera egiteko

1:33

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren harira "konfiantza falta" eta "blokeoa" atzeman dutela eta, horri aurre egiteko "autokritika" ardatz izango duen programa iragarri dute Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako buruak eta Iñigo Urkullu lehendakariak.

Biek ala biek Planaren azken hiru hilabeteetako balantzea egin dute goizean gosari informatibo batean, eta bertan azaldu dituzte Zuzendu programaren nondik norakoak.

Programak "autokritika" izango du ardatz, eta bi norabidetan jardungo du: batetik, "konfiantza eta lankidetza" giroa sortu nahi du indar politikoen artean eta bestetik, espetxe politika berria eta presoen gizarteratzea bultzatuko du. Hala, Hitzeman presoak gizarteratzeko programarekin lotura izango du Zuzendu programak.

Ekimena Udal eta Foru Hauteskundeen ondotik jarriko da martxan, "hauteskunde kutsua kentzeko". Jaurlaritzak presoen gizarteratzea autokritikarekin lotu nahi du, kontzeptu horrek "zailtasunak gainditzeko abiapuntu eta biktimekiko, memoria, gizarteratze eta bizikidetza politikak garatzeko gako estrategikoa" izan daitekeelakoan.

Eragindako mina aitortu

Lehendakariak agerraldia azaldu duenez, autokritika prozesuek "eragindako mina aitortzearekin dute zerikusia". Aitortza hori "banakakoa edo kolektiboa" izan daiteke, Urkulluren hitzetan, baina edonola ere, bide hori egin beharrekoa da, "elkarren ondoan bizitzetik elkarrekin bizitzera igarotzea zaila delako eragindako minaren aitortza egiten ez bada".

Urkulluk Bake eta Bizikidetza Planaren balantze positiboa egin du, ezker abertzaleak giza eskubideen urraketak kritikatzeko orduan duen "paralisia" edo Espainiako Gobernuaren "immobilismoa" aitortu baditu ere.

Lehendakariaren esanetan, bake prozesuak "atzera" egin du. "Biktimak lehia politikorako eta hauteskundeei begirako tresna gisa erabiltzen dituzte berriro. Bada biktimen eskubideak eta presoen gizarteratzea aurrez aurre ipintzen duenik".

Espainiako Gobernuaren jarrera ahotan, honakoa kritikatu du Urkulluk: "ETAk atentatuan egiten zuen zituen garaian harremanak izan zituen Gobernuak, eta orain, jarduerak etenda dituen honetan, sorgin-ehiza dago ETArekiko eta nazioarteko eragileekiko".

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzaren idazkari nagusiak, bestalde, Zuzendu programaren abiapuntua zein den azaldu du: "Arlo batzuetan aurrera egin dugu baina beste hainbat blokeatuta daude". Hain justu, "autokritika ardatz duen harreman zintzo batek blokeoa gainditzen lagun dezake".

Programaren baitan "autokritikaren balio sozial eta politikoa" azpimarratuko duten jardunaldiak egingo dituzte urtero. Lehenengoa 2015eko bigarren seihilekoan egingo dute, "horretan aditu den erakunde independente baten eskutik".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Presoak bideoak ETA gaur Indarkeria matxistaren biktimak