Politika -

Eztabaida Radio Euskadin

Lehendakariaren iragarpen ekonomikoak salatu ditu oposizioak

Halaber, Urkulluren "ekimen falta" kritikatu dute EH Bildu, PSE eta PP alderdiek. EAJk, berriz, ukatu egin du lehendakariak "autokonplazentzia" erakutsi izana.

Oskar Matute eta Jose Antonio Pastor, Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan Argazkia: EiTB
Oskar Matute eta Jose Antonio Pastor, Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan Argazkia: EiTB

EUROPA PRESS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak egindako iragarpen ekonomikoak kritikatu ditu oposizioak. Urkulluren esanetan, Euskadik 2020 urterako berreskuratuko ditu krisiaren aurretik zituen datu makroekonomikoak.

Gainera, lehendakariaren "ekimen falta" kritikatu dute EH Bildu, PSE eta PP alderdiek.

Radio Euskadin izandako eztabaida politikoan, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren legebiltzarkideak ukatu du lehendakariak "autokonplazentzia" erakutsi izana, eta Eusko Jaurlaritzak "Alderdi Popularreko politikekin bat" egitea ukatu du.

EAJ

Gauzak horrela, oposizioaren akusazioak errefusatu ditu Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren legebiltzarkideak, eta egoeraren "autokonplazentziazko azterketa" egin izana ukatu du.

"Krisi sakon eta luze batetik irteten ari gara. Krisi ekonomikoak gertakari globalak dira, eta baldintza askoren mende daude", esan du. "Eusko Jaurlaritzaren erabateko lehentasuna enpresei laguntzea da", azpimarratu du.

Horren harian, Arrizabalagak nabarmendu duenez, BPGaren hazkunderik gabe, ez dago enpleguaren hazkunderik, eta enpleguaren hazkunderik gabe "jendeak ezin izango ditu bizi-baldintzak hobetu".

EH Bildu

Oskar Matute EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi duenez, egungo egoera ekonomikoaren aurrean, lehendakariak "PPren posizio berari eusten dio, beharbada errezeta berdinak ezartzen dituelako, edo gauzak aldatzeko gaitasun txikia duelako".

"BPGaren hazkundeari buruz hitz egiten du lehendakariak, eta ez du esaten herritar gehienek ez dutela bizi-kalitatea hobetuko, eta ez garela 2007ko aurretiko egoerara itzuliko", salatu du Matutek. "Enplegu gehiago sortuko dela diote, baina ez dute esaten zein motatakoa izango den, eta seguru asko aurreko bera egin beharko dugula, baina gutxiago kobratuta", ohartarazi du.

PSE-EE

Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak salatu duenez, lehendakariak "errealitatearen notariorena" egiten du; haren iritzian, "proposamenik gabeko seinaleak botatzen ditu".

"Beretzat hartu du gustatzen zaion papera: autokonplazientziazko gizon onarena", esan du, "datozen urteetarako aurreikuspenak marrazteak eta etorkizunerako ekintzak atzeratzeak honakoa dakar: euskal langabeei esatea bost urte gehiago emango dituztela langabezian". "Urkulluk marraztutako ikuspegia ez da itxaropentsua", deitoratu du Pastorrek.

PP

Borja Semper PPko legebiltzarkideak "deigarritzat" jo du lehendakariak eta Espainiako Ekonomia Ministerioak egindako balorazioak bat etortzea.

Semperren iritzian, "Urkulluk Madrilgo diskurtsoari eusten dio interesatzen zaionean, baina norabide hori hartu duela justifikatzen duen erabaki ekonomiko bat bera ere ez du hartu". "Inoiz ez digu kontatzen neurri berriren bat hartuko duen, edo bere Gobernuak hartutako neurrien emaitza", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EH Bildu Bizkaia PSE-EE albisteak