Politika -
Datorren ekainaren 21ean
Erabakitzeko eskubidearen aldeko boto-kutxa erraldoiak jarriko dituzte
Gure Esku Dago plataformak oihalez egindako boto-kutxa erraldoiak jarriko ditu Hegoaldeko hiriburuetan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena egingo du datorren ekainaren 21ean Gure Esku Dago plataformak. Horren harian, boto-kutxa erraldoiak jarriko ditu Hegoaldeko hiriburuetan, eta ekimenarekin bat egin duten euskal udalerritan aurretik banatutako oihalak erabiliko ditu horretarako, erabakitzeko eskubidearen aldeko nahiak parte-hartzaileek ehun horietan islatu baitituzte.
Iaz giza-kate erraldoia egin zuten. Aurtengo ekimen jendetsuaren nondik norakoak jakitera eman dituzte gaur Bilbon izandako aurkezpenean.
Ekaineko ekitaldia ekainaren 21ean izango da, jende-edukiera handia baina leku itxietan, alegia: Bilboko San Mames futbol-zelaian, Gasteizko Buesa Arena pabilioian, Donostiako Anoeta futbol-zelaian, eta Iruñeko zezen-plazan.
Egun berean, goizez, giza-kateak egingo dituzte hiriburuetan, eta udalerri bakoitzean egindako oihalak erakutsiko dituzte. Geroago, arratsaldez, oihal horiek erabiliko dituzte autodeterminaziorako erreferendumaren hautetsontziak egiteko.
Ekitaldiak Iparralden ere
Gure Esku Dago plataformak Iparraldera ere eraman nahi du aldarrikapena. Hori dela eta, egun berean, ekainaren 21ean, ekitaldiren bat egingo dute Baionan, baina horren edukia oraindik erabaki gabe dago.
Ekaineko ekimena "gertaera garrantzitsua" izatea nahi dute antolatzaileek, "ahalik eta lasterren erreferenduma egin ahal izateko".
"Erabakitzeko eskubidea erabili ahal izateko ekainaren 21ak bidea hasiko du, aldarrikapenaren urrats garrantzitsua izango da", esan dute plataformaren bozeramaileek. "Gure Esku Dagok ez du aldarrikapen bat ere gehiegi luzatzeko asmorik; herritarren gehiengoak partekatzen duen eskubide baten inguruan jaio zen, eta borondateak ehuntzeko eta, helburuak beteta, hiltzeko asmoa du", gaineratu dute.