Politika -
II. Errepublika
Urteroko martxa errepublikarra egin dute Ermutik Eibarrera
Ia zazpi kilometroko ibilbidea egin ondoren, bandera errepublikarra jaso dute Eibarko Untzaga plazan.
O.A. | EITB.EUS
Asteartean (apirilak 14)beteko dira 84 urte Eibarko Udalak Bigarren Errepublika aldarrikatu zuela eta urteurren horren bezperatan, hainbat ekitaldi ospatu dituzte gaur Eibarren.
Alde batetik, gazte komunistek deitutako 15. martxa errepublikarrak Ermua eta Eibar arteko 7 kilometroak egin ditu. Ondoren, bandera errepublikarra jaso dute Eibarko Untzaga plazan, beste behin, Marcelo Usabiaga milizianoaren eskutik. Ekitaldi horretan parte hartu dute baita ere Ezker Anitzako hainbat kidek.
Gaurko ekitaldietan momentu historiko hori gogoratzeaz gain, Espainiako monarkiaren amaiera eta III. Errepublikaren hasiera aldarrikatu dute.
Gazte komunisten arabera, egungo egoera politikoa ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa da trantsizioaren osteko erregimenarekin haustea.
Eibarrez gain, Irunen eta Errentarian ere antolatu dituzte ekitaldiak Errepublikaren egunaren harira. Irunen martxa bat egin dute Ensanche plazatik San Juangora eta Errenterian, berriz, kalejira egin dute Alabergako biribilgunetik abiatuta.