Politika -
Eusko Legebiltzarra
Gomazko pilotak ez erabiltzea eskatu dute legebiltzarkideek
Ertzaintzak "aparteko egoeretan soilik" erabili ahal izango ditu gomazko pilotak, ordezko sistema bat bilatu arte. Cabacasen senideek salatu dute "adarra jo" dietela.
agentziak | erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak pilotak jaurtitzen dituzten eskopeten eta gomazko piloten erabilera "berehala mugatzea" eta "kalte gutxiago" egiten duten istiluen kontrako beste baliabide batzuekin ordezkatzea eskatu du.
PSE-EEk eta UPyDk sartutako zuzenketa batean jaso dute eskakizuna, eta EAJren eta PPren babesa ere izan du. EH Bildu, eztabaida Legebiltzarrera eraman duena, zuzenketaren kontra agertu da, Ertzaintzari gomazko pilotak jaurtitzen jarraitzeko aukera ematen diolako.
Onartutako testuan, Estefania Beltran de Heredia buru duen Segurtasun Sailari eskatzen zaio istiluen kontrako material berria emateko ertzainei, agenteen eta herritarren segurtasunerako bermea izango dena betiere.
Aurreko Eusko Jaurlaritzan, Patxi Lopez buru zenean, gomazko pilotak ordezkatzeko prozesua abiatu zuten, Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas hil ostean.
Hala, Ertzaintzak gaur egun "aparteko egoeretan soilik" erabili ahal ditu gomazko pilotak.
EH Bilduk gomazko piloten erabilera erabat, salbuespenik gabe, debekatzeko exijitu du, Julen Arzuaga bozeramailearen ustez "material hilgarria" delako.
Arzuagak ohartarazi du debekua eskatu ez izanarekin ez dela "ezer aldatzen" eta, ondorioz, "Legebiltzarraren babesarekin" egongo dela "gomazko piloten beste biktima bat".
EAJren aldetik, Joseba Zorrillak esan du "ordena publikoa eta legalitatea mantentzearen arduradunak", Ertzaintzak, ezin duela "babesik gabe geratu, EH Bilduk nahi duen moduan".
"Gure nahia da ezbehar gehiagorik ez gertatzea, baina, zoritxarrez, ez gara mundu ideal batean bizi, eta indarkeria egon daiteke manifestazioetan, eta arazo larriak ordena publikoan. Ertzaintzak beharrezkoak ditu baliabide batzuk, segurtasuna bermatzeko", azaldu du.
Miren Gallastegui PSE-EEko kideak esan du agintzen jarraitu izan balute "gomazko pilotak desagertuta" egongo liratekeela, eta azpimarratu duenez, onartutako testuan debekua aipatzen ez bada ere, "hilgarria ez den" sistema batekin "berehala" ordezkatu behar direla esaten dela.
Nerea Llanosek (PP) esan du beharrezkotzat jotzen dutela "pixkanaka" sistema hori ordezkatzen eta "ahal den gehiena mugatzen" joatea, istiluen kontrako brigadetara bakarrik, baina Ertzaintzak "baliabiderik gabe" ezin duela "kalera atera" ohartarazi du.
Azkenik, Gorka Maneiro (UPyD) legebiltzarkideak gomazko pilotak beste sistema batekin ordezkatzea eskatu du, baina aitortu du arriskurik ez duen elementurik ez dagoela.
Kaltetuak
Gomazko pilotek kaltetutakoek saioa jarraitu ahal izan dute Legebiltzar barruan. Bertan zegoen, besteak beste, Manuel Cabacas, Iñigo Cabacasen aita, eta "engainatua" sentitu dela esan du amaieran.
"Bigarren aldiz etorri naiz, eta azkena izango da, bietan adarra jo digutelako. Demagogia merkea eta anbiguotasunez betea egin dute. Berehala ordezkatzea ez da debekua. Debekatu egin behar da, nire familia hilda baitago, baina jende gehiago hilko da debekurik ezean", adierazi du Legebiltzarreko korridorean.
Manuel Cabacasek Joseba Egibar EAJren bozeramailearekin eztabaidatu du, eta jeltzaleen ?anbiguotasuna? leporatu dio.