Politika -
Eguneko albisteak
Apirilaren 17ko lerroburuak
Egunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Rato, aske
Rodrigo Rato etxean da gauerdiaz geroztik, "familiarekin eta aske", Gobernuko presidente ohiaren esanetan. Justiziarengan konfiantza osoa duela eta ondorioz justiziari modu aktiboan lagunduko diola jakinarazi dio EFE albiste agentziari.
2012an PPren Gobernuak onartutako amnistia fiskala baliatu zuen Rodrigo Rato Espainiako presidenteorde izandakoak, eta, ustez, dirua zuritu eta ondasunak ezkutatu dituzten 705 goi kargudunen zerrendan sartu du Ogasunak. Horren berri izan ondoren, Aznarren gobernuko presidenteordearen aurkako salaketa jarri zuen Madrilgo Fiskaltzak eta eskatu zuen bere etxea eta bulegoak miatzea. Arratsaldeko 20:00etan atxilotu zuten Rodrigo Rato.
Shaolin faltsuaren aurkako epaiketa hasiko da gaur
Bilbon, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, Juan Carlos Aguilarren kontrako epaiketa hasiko da gaur. 2013ko ekainean atxilotu zuten Bilbon zuen gimnasioan bi emakume (Ada Otuya eta Jenny Rebollo) hil izana egotzita. Herritarrez osatutako zinpeko epaimahai batek epaituko du Aguilar, eta fiskalak eta akusazioek 40 eta 45 urte arteko espetxe zigorra eskatuko dute harentzat. 22 hedabidetako 87 kazetarik jarraituko dute, eta 40 ertzain inguru deitu dituzte deklaratzera.Epaimahaiaren osaketa eta akusatuaren deklarazioa izango dira gaur; epaiketak iraun bitartean, Zaballako espetxean egongo da Aguilar.
Mario Fernandez: 'Villalabeitiak engainatu egin ninduen'
Epailearen aurrean, Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak ukatu egin du egin gabeko lanengatik ordaindu izana Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoari Rafael Alkorta abokatu-bulegoaren bitartez.
Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko gaur egungo presidenteak engainatu egin zuela, bere izena zikindu dutela eta gertatutakoa ez duela ahaztuko gaineratu du Fernandezek.
Gomazko pilotak: erabilera mugatu bai, baina ez debekatu
"Debekatu" hitza erabili gabe, Eusko Legebiltzarrak onartu egin du gomazko piloten erabilera mugatzea eta hain kaltegarria ez den beste material batez ordezkatzea. EH Bilduk debekatzea nahi zuen, azkenean beste alderdi guztiek PSE-EE eta UPyDren zuzenketa bat babestu dute. Onartutakoa nahikoa ez dela iritzita, haserre hitz egin zuten pilotakadez hil edo zauritutakoen biktimen senideek.
Eztabaida amaituta, kritiko agertu ziren Cabacas eta Xuban Nafarrateren senitartekoak. Pasilloetan, gai honekin "anbiguotasunez" jokatzea egotzi zioten Joseba Egibar EAJko bozeramaileari.
'Hiriko auzia': Administrazioari iruzurrik ez
Beatriz Eva Roman Gasteizko Argibideetako Epaitegiaren magistratuak ez du uste Administrazioari iruzur egin zaionik 'Hiriko auzian', eta, hori dela eta, sumarioa behin-behinean ixtea erabaki du. Hala ere, epaileak prozesuarekin aurrera jarraituko du, ustez diru publikoak bidegabe erabili, bidegabe jabetu eta agiriak faltsutu dituztelako. Aldeek magistratuaren erabakiaren aurka helegitea aurkezteko aukera dute.
Epailearen autoa ostegun honetan eman dute jakitera. Kereilako akusazio batzuk ?zehazteko? eskatu zion magistratuak Ministerio Fiskalari aurreko idatzi batean. Hiriko auto elektrikoaren auzian Jesus Maria Pancracio Echave, Fernando Achaerandio, Francisco Javier Calera, Iñigo Antia (EAJko zinegotzia Gasteizen), Jose Luis Bengoetxea, Jose Barreira eta Afypaida elkartea ikertzen ari dira, proiektuaren kudeaketan utez izandako irregulartasunengatik. Egitasmoak 18 milioi euroko diru-laguntza publikoak jaso zituen.