Politika -
TORTURA KASUA
Joxe Arregiren kasuaren espedientea aurkitu dute
Argia astekariaren arabera, torturaz hildako zizurkildarrari buruzko informazioa Madrilen aurkitu dute Euskal Kriminologia Institutuko ikerlariek.
EITB.EUS
Joxe Arregi 1981ean Polizia Nazionalak atxilotu eta bederatzi egunez torturatu ondoren hil zen ETAko kidearen espedientea aurkitu dutela jakinarazi du Argia aldizkariak.
Madrilgo fundazio batean aurkitu dute espedientea Euskal Kriminologia Institutuko ikertzaileek. Artxibatuta zegoen, eta Kriminologia Institutua kopia baten zain dago orain. Astekariaren azken zenbakian, elkarrizketa egin dio Ander Leon kazetariak Laura Pego Euskal Kriminologia Institutuko abokatu eta ikerlariari. "Ikerlariek zuhurtziaz jokatu dute, eta espedientea eskuetan izan arte ez dute aurkikuntzari buruzko datu gehiago eman nahi izan", aurreratu du Argiak.
Eusko Jaurlaritzak 2014an agindu zion Euskal Kriminologia Institutuari azken mende erdian izandako tortura kasuez ikerketa abiatzeko, Bake eta Bizikidetza planaren barruan. Pegoren esanetan, orain horietako 200 bat kasu aukeratu eta egiaztatzen hasiko dira, Istanbulgo Protokoloa aplikatuz.
Zizurkildarra 1981eko otsailean atxilotu zuen Polizia Nazionalak, eta bederatzi egunez torturatu ondoren, Carabanchelgo espetxeko ospitalean hil zen. Hilerrian gorpuari ezkutuan egindako argazkiek erakutsi zuten gorpuaren egoera lazgarria.