Politika -
Elkarrizketa
EAJ: 'Rajoyk eta Sanchezek ez gaituzte krisitik ateratzen lagunduko'
Gipuzkoarrei eskatu die “Bilduren agintekeria eta inposizioarekin amaitzeko”, maiatzeko hauteskundeetan EAJri boza emanez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJko presidentearen hitzetan, Mariano Rajoyk eta Pedro Sanchezek ez diote Euskadiri “krisitik ateratzeko” laguntzarik emango, ezta “bakea finkatu edo autogobernu berria lortzeko ere”. “Ez dute Euskadiz pentsatzen, ez gara haien lehentasuna, eta ideia bakarra ere ez dute gure herriaren etorkizunaren alde egiteko”, gaineratu du.
“Kongresuko eta Senatuko oraingo legegintzaldia da horren erakusgarririk argiena: lau urte galduak Euskadirentzat”, esan du, EAJren webgunean argitaratutako elkarrizketa batean.
Ortuzarren hitzetan, “pentsa liteke” udal eta foru hauteskundeen atarian egon beharrean, “hauteskunde orokorren aurrean gaudela”.
EAJko presidenteak esan du bai Rajoyk eta baita Pedro Sanchezek ere “asko” dutela jokoan maiatzeko hauteskundeetan. “Batzuek esaten dute beren alderdietako nagusi tokiak ere jokoan dituztela”, erantsi du.
Hala ere, eta bere hitzetan “zorritzarrez”, Euskadik eta EAEko udalek “ezin dute Rajoyrengandik edo Pedro Sanchezengandik ezer onik espero”.
“Beraientzat, Euskadi Madrilerako bidean dagoen geltoki txikia baino ez da, eta hori da interesatzen zaien bakarra. Beraz, ez gaitezen erori Euskadira boto bila eta gero Madrilera itzultzen diren "parakaidista" horien jokoan.
Bestalde, hauteskunde-kanpaina EAJrentzat “oso garrantzitsua” izango dela esan du Ortuzarrek. Horren harian, gipuzkoarrei eskatu die “Bilduren agintekeria eta inposizioarekin amaitzeko”.
“Azken urteotan ezker abertzalearekin eginiko esperimentua garesti irten zaie gipuzkoarrei. Hiritarren artean txarto tratatuak izan direlako sentsazioa dago: zaborrak, zerga gehiago, ekonomia eta enplegua babestu gabe, inposizioak,... horren guztiaren kontra egiteko modu bakarra, gauzak aldatzeko modu bakarra da EAJ bozkatzea”, nabarmendu du.
Arabarren kasuan, Ortuzarren uste du gasteiztar gehienak ez direla “Marotoren amarruan eta manipulazioan eroriko”. “oso zatarra da Maroto egiten ari dena, eta gainera oso arrikutsua gur arteko elkarbizitzarako”.
Bestalde, datorren legealdiari begira EAJren erronka nagusiak ere zerrendatu ditu: batetik, “enplegua berreskuratzea”, eta bestetik “herrialde historiko bakar bat suspertze prozesutik kanpo” ez geratzea.
EAEko hiru Lurralde Historikoetan eta hiriburuetan gobernatzea da EAJren xede nagusia. Horrez gain, Nafarroako “aldaketaren eragile garrantzitsua” izan nahi dutela azpimarratu du Ortuzarrek.