Politika -
Javier de Andres
PP: 'Ez da onargarria Legebiltzarrak hizkuntza-askatasuna mugatzea'
Atzo, Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk lege proposamen bat defendatu zuen, EAEn diharduten enpresei euskaraz aritzera behartzea eskatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal herritarren “hizkuntza-askatasuna mugatzeko aukera” Legebiltzarrean dauden “gehiengoen esku” uztea ukatu du gaur Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak.
Atzo, Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk lege proposamen bat defendatu zuen, EAEn diharduten enpresei euskaraz aritzera behartzea eskatuz. Sektore jakinetako enpresa handiei isunak jartzea ere iradokitzen zuen EH Bilduren proposamenak. Gainerako talde guztiek aurka bozkatu zuten eta, hortaz, proposamena bertan behera geratu zen.
Gaur, De Andresek esan du ezin direla gai horiek “Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren esku utzi”, une jakin batean “isunaren aldekoa” izan daitekeen bitartean, beste “une batean” aurkakoa izan daitekeelako. “Gehiengo batek euskal herritarrak, eta bereziki arabarrak, hizkuntza arrazoiengatik zigortu ahal izatea ez da onargarria”.