Politika -
Auzitegi Nazionalean
Interneten ETA goratzeagatik bi adingabe kondenatu dituzte
Biktimen aurkako iruzkin iraingarriak eta terrorismoaren apologia egitegatik, sei hilabetez hezkuntzarekin eta gizartearekin lotutako ardurak egiteko zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sare sozialetan ETA goratzeagatik bi adingaberen aurkako lehen zigorrak ezarri ditu Auzitegi Nazionalak. Bi gazteek 17 eta 16 urte zituzten jazoerak izan zirenean. Biktimen aurkako iruzkin iraingarriak eta terrorismoaren apologia egitegatik, beste hainbat lagunekin gazte horiek atxilotu zituen Guardia Zibilak.
Bi adingabeek Fiskaltzarekin akordioa lotu zuten eta, hori dela eta, hezkuntzarekin eta gizartearekin lotutako ardurak egiteko zigorra ezarri die Auzitegi Nazionalak.
Epaien arabera, 'Argala' edo 'Thierry' ETAko kide historikoak, besteak beste, omentzeko mezuak zabaldu zituzten bi gazteek Twitterren 2013 eta 2014 urte bitartean: "hildakoek utzitako suak indartzen gaitu", "abortatzeko eskubidea, gora ETA", "gora atzoko eta betiko gudariak", "argazkietan baino, etxean nahi ditugu" (presoei aipamena eginda), "herriak ez zaitu ahaztuko, gure seme-alabek zuen izenak abestuko dituzte bihar eskoletan" (hildako ETAko kideari erreferentzia eginda), edo "kameren aurrean, negarrak; kameren atzean, torturak" (ETAk hildako azken bi guardia zibilen hileta-elizkizunetako argazki batekin zetorren esaldi hori).
Zigor Kodean jasotako delitua
Hori guztiak, Auzitegi Nazionalak ebatzitako epaiaren arabera, "terrorismoa goratzea eta terrorismoaren biktimak mespetxatzea dakar, Zigor Kodearen 578. artikuluari jarraituta".
Auzitegi Nazionalak ebatzi duenez, hezkuntzarekin eta gizartearekin lotutako lan horiek bete ahal izateko, gazteek ez dute espetxera sartzeko beharrik, ezta zaintzapeko askatasunean jasoko. "Hezkuntza arloko ekintza zehatzak izango dira, gaitasun sozialaren garapena errazteko asmoz", azaldu du epaiak, "gainera, euren egintzen ondorioen gainean hausnartzeko balio beharko du".
Halaber, lan horiek "ikasketekin bateragarriak izateko" gomendioa luzatu du Auzitegi Nazionalak. "Adingabeak hobera eginez gero, ezarritako neurriak aldatzeko aukera dago", gaineratu du auzitegi horrek.