Politika -
Auzitegi Nazionala
Segiko kideak izatea ukatu dute berriro auzipetuek
Mikel Flamarik, Gorka Sueskun eta Mikel Beunzaren deklarazioekin bukatu da epaiketaren bigarren saioan. Poliziaren aurrean egindako deklarazioak torturapean lortu zituztela azaldu dute hirurek.
Agentziak | Erredakzioa
Segiko hamar ustezko kideren aurkako epaiketaren bigarren saioan, akusatuek deklaratzen bukatu dute. Mikel Flamarike Arbiol, Gorka Sueskun Gonzalez eta Mikel Beunza Oroz akusatuek deklaratu dute gaur, azken biak astelehenean aretotik kanporatu eta gero berriz onartu baitituzte. Epaiketa Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henares udalerrian (Madril) duen egoitzan egiten ari dira.
Beste guztiek egin bezala, Segiko kideak izatea eta kale-indarkeria ekintzetan parte hartu izana ukatu dute hirurek. Gainera, Poliziaren aurrean egindako deklarazioak torturapean egin zituztela salatu dute.
Musikaria dela eta beti Barañainen (Nafarroa) bizi izan dela esan du Mikel Flamarikek. Etxean atzeman zizkioten bi gas-botilen inguruan, lehergailuak egiteko barik, mendira joateko sukalde eramangarri baterako zirela azaldu du.
EAE/ANV legez kanpo utzi zutela eta, Bilbon manifestazio bat deitzeko kartelak itsatsi zituela onartu du Gorka Sueskunek, baina Segikoak ez zirela adierazi du. “Independentziarekin aurrera, denak Bilbora, gora ezker abertzalea” jartzen zuen kartel horietan.
Milagrosa auzoko lokal batera noizean behin joaten zela zehaztu du Mikel Beunzak, baina ez Segiko bileretara, auzoko tailer eta hitzaldietara baizik.
Beste kanporaketa bat
Javier Martinez Lazaro auzitegiko presidenteak Ibai Azkona Dominguez aretotik kanporatzeko agindua eman du gaur. Ikerketetan parte hartu zuen polizia nazional baten deklarazioa eten du Azkonak, Pedro Rubira fiskala galdekatzen ari zenean. “Umiliatzen ari gaitu, ez dut zertan entzun”, adierazi du auzipetuak.
Hala ere, atsedenaldiaren ostean, Ibai Azkona akusatuen eserlekura itzuli da berriro.
Epaiketak asteazken honetan jarraituko du, 10:15ean, lekukoen testigantzekin.