Politika -
Presoak
Inma Berriozabal presoa aske geratu da
18/98 auziko preso ohiak zazpi urte eta erdi eman ditu espetxean. Gaixotasun larriak ditu, eta hainbat ebakuntza egin behar izan dizkiote.
eitb.eus
Inma Berriozabal presoa eta Egin egunkariko ikerketa taldeko kide izandakoa aske geratu da gaur goizean, espetxean zazpi urte eta erdi eman eta gero, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.
A Lamako (Pontevedra, Galizia) espetxean zegoen, eta 18/98 auzian kartzelatu zuten. Zigor osoa bete du.
2012ko azaroan, Bilboko Udalak Berriozabal askatzea eskatu zuen, gaixotasun larriak dituelako. EAJk eta Bilduk alde bozkatu zuten, PPk aurka egin zuen eta PSE abstenitu egin zen.
Hain zuzen ere, preso ohiak B hepatitisa, diabetes eta psoriasi artropatia ditu, eta hainbat ebakuntza egin behar izan dizkiote.
Auzitegi Nazionalak 12 urteko espetxe zigorra ezarri zion 18/98 auziaren baitan, Ekineko kide izatea leporatuta, eta Gorenak zazpi urte eta sei hilabetera murriztu zion.