Politika -

Ertzaintza

Karmele Arias: 'Dietak ni kargura heldu baino lehen ordaintzen ziren'

Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak inputatu gisa agerraldia egin du Ertzaintzako agintariei egindako ordainketetan izan diren ustezko irregulartasunengatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako buruzagiei egindako ordainketak bera kargura heldu baino lehen hasi zirela azaldu du Karmele Arias Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak epailearen aurrean. PSE-EEren Gobernuak dekretua onartu zuela erantsi du Ariasek.

Ariasek inputatu gisa agerraldia egin du Bilboko Justizia Jauregian, azken hiru urteetan dieta eta bidaia gastuetarako Ertzaintzako agintariei (komisariorde, komisario, intendente eta superintendente) egindako ordainketetan izan diren ustezko irregulartasunengatik.

2012an bera Exekutibora oraindik ez zela heldu adierazi du Giza Baliabideen zuzendariak. SIPE Ertzaintzako sindikatuaren arabera, urte horretan 800.000 euro bideratu zituzten ordainketak egitera.

Javier Madariaga SIPEko koordinatzailearen hitzetan, “magistratuak ikerbideak zabaltzea posible da eta aurreko Giza Baliabideen zuzendaria deklaratzera deitzea”. Zentzu horretan, epaileak Jose Maria Echegaray lekuko edo inputatu gisa deklaratzera deitu dezakeela esan du Madariagak, “Ertzaintzako zuzendaritzaren kideei eta buruzagiei (180 bat) kontrolik gabe eman dieten diru publikoagatik”.

Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak eta Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak Karmele Arias “lagundu” dute. Ministerio Fiskalaren eta magistratuaren galderei erantzun die Ariasek. Ordubeteko iraupena izan du deklarazioak, baina sindikatu salatzailearen abokatuaren galderak erantzuteari uko egin dio Ariasek.

“Haizagailuaren estrategia”

SIPEren ahotan, dietak eta kilometroak ordaintzen jarraitzea aurretik ere halaxe egin dutelako argudiatzeak erantzukizunetik ez du libratzen; izan ere, “gauzak zuzendu eta praktika ilunarekin bukatzeko aukera izan zuen”.

Sindikatuko datuen arabera, 2013an Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro inguru bideratu zituen ordainketa horietara, eta antzeko diru kopurua iaz ere.

“Agerraldian, errua saihesteko haizagailuaren estrategia erabili du Ariasek; izan ere, ordainketen kudeaketan izandako kontrol falta beste pertsona batzuei egotzi die”, aurpegiratu du Madariagak.

Ertzaintzako sindikatu nagusien babesarekin, Eusko Jaurlaritzak Kalte-ordainen dekretua 2012an onartu zuela goraipatu du inputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza