Politika -

Eguneko lerroburuak

Maiatzaren 13ko albisteak

Asteazkenari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaurlaritza, laugarrenez Konstituzionalera

Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalera joko du, enplegu mailako eskumenen urraketa salatzeko laugarrenez legegintzaldi honetan; oraingoan, bigarren aukeraren mekanismoari, karga finantzarioaren murrizketari eta beste neurri sozial batzuei buruzko lege-dekretuaren zenbait artikulu direla eta. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Jaurlaritza ''gogaituta'' dagoela, eta gaitzetsi egin du Rajoyren gobernuak enplegu mailako eskumenen aurrean adierazten duen ''begirunerik eza''.

 

CEBEK, soldaten igoeraz

Bizkaiko enpresarien batzar nagusia dela-eta, lehiakortasuna hizpide izango duen jardunaldia antolatu du gaurko CEBEKek, eta bertan izango da Iñigo Urkullu lehendakaria. Atzo, Bizkaiko ekonomiaren hazkundearen aurreikuspena % 2,6ra igo zuen patronalak, eta aurten lurraldean 8.000 lanpostu sortuko dituztela aurreratu zuen. Horrez gain, Madrilen patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek soldaten igoeraren inguruan lortutako akordioaz aritu zen.

Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak aitortu zuen akordioak ''inbidia'' ematen diela, baina Euskadin ''sindikatuek malgutasunaz hitz egiteko erakusten duten borondaterik ezagatik'' ezin dela halakorik lortu gaineratu zuen.

 

Nepalen lurrikara

Lurrak gogor astindu zuen atzo Nepal, apirilaren 25ean egin zuen bezala ia (7,8koa izan zen ordukoa). Richter eskalan 7,3 graduko lurrikara izan zen, Asiako herrialdea apirilean izandako lurrikaratik sendatzen zebilela oraindik. Oraingoan, 66 lagun hil eta 1.928 zauritu ditu astinduak.

 

Futbola: Greba deialdiari eusten diote

Luis Rubiales AFE Espainiako Futbolarien Elkarteko presidenteak adiskidetze-egintzara deitu zituen LFP (Profesionalen Futbol Liga) eta RFEF (Espainiako Futbol Federazioa) maiatzaren 16tik aurrera deitutako greba saihesteko asmoz. Atzo bilera egin zuten, baina ez da aldaketarik egon. Ez zuten akordiorik lortu, eta orain Auzitegi Nazionalak hartu behar du erabakia.

luis rubiales efe

luis rubiales efe

(Luis Rubiales AFEko presidentea)

Gaur abiatuko da Cannesko Zinema Jaialdiaren 68. edizioa

La téte haute Emmanuelle Bercoten pelikularekin abiatuko da asteazken honetan Cannesko Zinema Jaialdiaren 68. edizioa. Hilaren 24a arte, zinema eta xarma izango dira nagusi Cannesen. Besteak beste, Joel eta Ethan Coen anaiak, Rossy de Palma eta Guillermo del Toro izango dira epaimahai ofizialean. Horiekin batera, Sophie Marceau aktore frantziarra, Sienna Miller britainiarra, Rokia Traoré abeslaria, Xavier Dolan zuzendari kanadarra eta Jake Gyllenhaal aktore estatubatuarra izango dira epaile. Hilaren 24an jakingo dugu norentzat izango den aurtengo Urrezko Palma. Sail Ofizialean, honako hauek izango dira lehian: Dheepan (Jacques Audiard), Youth (Paolo Sorrentino), Louder Than Bombs (Joachim Trier), The Sea of Trees (Gusvan Sant) eta Sicario (Denis Villeneuve).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak