Politika -

Herri-mobilizazioa

Hiru gazte kondenatuek 'herri harresiaren' barnean jarraitzen dute

Eskubide zibilen eta politikoen aldeko manifestazio jendetsua egin dute Gasteizen. Gainera, Segiko kide izateagatik Auzitegi Nazionalak kondenatutako gazteei elkartasuna adierazi diete.

Ehunka lagunek bat egin dute Gasteizen martxa laranjarekin. Argazkia: EiTB
'Herri harresia' eratu dute Gasteizen, hiru gazteri babesa emateko

1:16

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela zigorra ezarri dien zazpi gazteei babesa adierazteko Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eraikitako "herri harresia"k zutik jarraitzen du, eta parte-hartzaileek gaua bertan igarotzeko asmoa dute.

Zazpi zigortuetako lau -Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Ainhoa Villaverde eta Bergoi Madernaz- maiatzaren 6an atxilotu zituzten, baina beste hirurak -Ibon Esteban, Igarki Robles eta Aiala Zaldibar- ez dituzte oraindik atxilotu.

Oraindik atxilotu ez dituzten hiru gazteak plazan daude eta Ertzaintza horiek atxilotzera sartzen bada erresistentzia pasiboa eta baketsua egiteko asmoa agertu dute bertan bildutakoek.

Harresia eraiki aurretik, "eskubide zibilen eta politikoen aldeko" eta espetxe-zigor horien aurkako 'martxa laranja' egin dute Gasteizen.

Manifestazioa amaitu ostean, 'herri-harresia' egin dute mila bat lagunek Andra Mari Zuriaren Plazan, guztiak ere kamiseta laranja soinean eta aurpegiak maskaraz eta ileordearekin estalita.

Horrela jarraitzeko deia egin dute antolatzaileek, hiru gazteen atxiloketa zailtzeko.

Milaka lagunek parte hartu dute

Hainbat ordezkari politikok deialdiarekin bat egin dute, tartean, Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta EH Bilduko hainbat kide eta datozen hauteskundeetarako hautagai. Manifestazioaren buruan pankarta eraman izan dute, 'Salbuespenezko politikari ez. Desobedientzia. Askatasuna' leloarekin.

Parte-hartzaileek mozorroak eta maskarak eraman izan dituzte. Polizia-operatibo handi batek martxa inguratu du. Martxa 12:00etan hasi da, Gasteizko Bilbao Plazatik abiatuta, eta ibilaldia Gasteizko Andra Mari Zuria Plazan amaitu da.

Geroago, Segiko kide izateagatik zigortutako eta Ertzaintzak oraindik atxilotu ez dituen hiru gazteak babesteko asmoz, parte-hartzaileek 'herri-harresia' egingo dute. Izan ere, Ahotsa.info aldizkari digitalaren arabera, hiru gazte horiek, Ibon Esteban nafarra, eta Aiala Zaldibar eta Igarki Robles arabarrak, Gasteizen izan dira gaur.

Gauzak horrela, mila lagun bildu dira Gasteizen "desobedientzia zibilarekin bat egiteko, eta lege bidegabekerien biktima izan diren hiru herritar defendatzeko". Halaber, aurreratu dutenez, "legedi espainiarrak 'terrorista'tzat jo dituen hiru lagunak euren gorputzekin babestuko dituzte, baketsu" parte-hartzaileek. Auzitegi Nazionalak epaitutako gazteek "sei urteko espetxealdiari aurre egin behar diote bakarrik gazte-erakunde bateko militante politikoa izateagatik".

Ordura arte, ez dira istilurik izan.

'Disidente izaten jarraituko dugu'

Bestalde, gaurko mobilizazioan jasotako "babesa, berotasuna eta elkartasuna" adierazi du deialdiaren antolatzaileek ohar baten bidez. Halaber, salbuespenezko politikak bertan behera gera dezaten, borrokan jarraitzeko deia egin dute.

Gainera, Auzitegi Nazionalari eta Espainiako Gobernuari esan dietenez, "ez dugu onartzen euskal herritarrak atxilotzen, torturatzen eta espetxeratzen jarraitzea. Disidente izaten jarraituko dugu". Amaitzeko, "gatazka politikoa konpontzeko urrats praktikoak" behar direla azpimarratu dute. "Espetxeak hustutzeko garaia da, ez betetzen jarraitzekoak", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Gasteiz berriak