Politika -

Bizkaiko Auzitegia

Karrantzako minden proiektuaren aurkako kereila onartzea agindu dute

Ustezko iruzurgileen artean daude Eusko Jaurlaritzaren goi kargudun ohi bat eta Karrantzako alkate ohia, biak EAJkoak.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Auzitegiak atzera bota du Balmasedako epaitegiaren erabakia, eta Karrantzako minden proiektuaren aurka Haraneko elkarteak jarritako kereila onartzera behartu du. Hala, huts egin zuen proiektuarekin lotutako ustezko iruzurrari buruzko prozedura abian jartzeko exijitu du.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak maiatzaren 4an onartutako autoan, atzera bota du Balmasedako Instrukzio epaitegiak abenduan kaleratutakoa, aipatu kereila, "lurralde eskumen faltagatik", onartu ez zuena.

Bizkaiko Auzitegiaren ustez ez da nahikoa Balmasedako epaitegiak emandako argudioa ikerketa judiziala galarazteko, eta "pisuzko arrazoiak" atzeman ditu prozesu judiziala abiatzeko, kereilarekin lotutako gertakari guztiak Karrantzan direlako.

Gaur zabaldutako autoan agertzen denez, kereilak "delitu sare" bat salatzen du, eta Karrantza dago erdigunean.

"Kontua da, funtsean, berez minden proiektu batera bideratutako 13.500.000 eurotako diru-laguntza publikoko 10.020.000 euro ustez ez zirela horretarako erabili", azaldu du Bizkaiko Auzitegiak.

Inputazioa oinarritzen den gertakaria hau omen da: "Administrazio publikotik bideratutako dirutza batzuen jabetzea".

Patxi Garcia Haraneko elkarteko presidente eta Karrantzako Udaleko EH Bilduko zinegotziak azpimarratu duenez, aurkeztutako kereilaren "indarra" baloratu du Bizkaiko Auzitegiak.

Koalizio abertzalearen ordezkariak gogor gaitzetsi du Bizkaiko Aldundiak eta Jaurlaritzak gaiaren inguruan prozesu judizialik sustatu ez izana.

Gainera, Garciak gogorarazi duenez, "Karrantzako Mindako konkurtso administratzaileak errudun jo zuen konkurtsoa eta 12 milioi euroko kalte ordaina eskatu zien arduradunei, Jaurlaritzaren goi kargudun ohi bati eta Karrantzako alkate ohiari (biak EAJk) tarteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gaurko albisteak Bizkaia Epaiketak albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Azken ordukoa Enkarterriri buruz