Politika -
Rato auzia
18 milioiko bermea ezarri diote Ratori haren kontuak desblokeatzeko
Bermea ezartzeko eskatu zion Rodrigo Ratok instrukzio epaileari, harik eta haren kontuetara, gordailuetara eta inbertsio funtsetara sarbidea izan zezan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Rato auzia ikertzen ari den Madrilgo 31. instrukzio epaitegiak 18 milioi euroko bermea ezarri dio Espainiako Gobernuko presidente ohiari haren kontu korronteak, gordailuak eta inbertsio funtsak desblokeatu ahal izateko. Guztira, bost delitu fiskal egitea, dirua zuritzea eta ondasunak ostentzea leporatzen dio epaileak Rodrigo Ratori.
Enrique de la Hoz Madrilgo guardiako epaileak behin-behinean Ratoren kontu korronte guztiak blokeatzeko agindua eman zuen apirilean, eta gaur Antonio Serrano-Artal epaileak behin-behineko neurri horiek bertan behera uzteko bermea ezarri du.
Iturri judizialek berri eman dutenez, Ratoren eskariz hartu du erabakia epaileak; izan ere, haren kontu korronteak, gordailuak, inbertsio funtsak eta pentsio funtsak desblokeatzearen truke berme bat ordaintzea proposatu zuen.
Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohiak ustez egindako delituak kontuan hartuta ezarri dio 18 milioi euroko bermea epaileak Ratori. Gainera, sumarioa sekretupetik ateratzeko ere eskatu zion epaileari, baina oraingoz epaileak ez du haren eskaria onartu.
Ratok aurrez 3 milioi euroko berme zibila ordaindu behar izan zuen Bankiako txartel beltzen auzian eta 34 milioi euroko beste berme bati aurre egin beharko dio Bankia auziagatik.