Politika -

Maiatzaren 29rako

Sanferminetako istiluengatik kondenatutakoek manifestazioa deitu dute

Auzitegi Gorenak berretsi duen epaiaren aurka egitea izango da martxaren helburua. 2010ean Sanferminetako txupinazoan izandako istiluengatik 12 lagun kondenatu dituzte.

Maiatzaren 29rako manifestazioa deitu dute kondenatuek. Argazkia: EiTB
Maiatzaren 29rako manifestazioa deitu dute kondenatuek. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010ean Sanferminetako txupinazoan izandako istiluengatik Nafarroako Auzitegiak kondenatutako 12 lagunek haien zigorren aurkako manifestazioa deitu dute datorren maiatzaren 29an Zizur Nagusian. Auzitegi Gorenak berretsi duen epaiaren kontra egitea izango da martxaren helburua.

Nafarroako Auzitegiak hiru urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion txupinazoan botila bat bota zuen lagun bati, eta gainerako 11 laguni bertan izandako istiluengatik. Botila bota zuen lagunak eta beste bost kondenatuk epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuten, baina Auzitegi Gorenak zigorra berretsi du. Halaber, Nafarroako Auzitegiak erantzule subsidiariotzat jo zuen Iruñeko Udala, baina Gorenak hori baliogabetu du.

Kondenatuetako zortzi lagunek agerraldia egin dute larunbat honetan Iruñean, eta maiatzaren 29rako, arratsaldeko 19:00etan, manifestazioa deitu dute Zizur Nagusiko Emakumearen Plazan. Gainera, iragarri dutenez, datorren ekainaren 9an elkarretaratzea egingo dute Justizia Jauregiaren aurrean. Botila jaurtitzeagatik kondenatutako lagunari espetxean sartzeko data jakinaraziko diote egun horretan bertan.

Ibai Morenok euskaraz eta Aitor Solak gaztelaniaz oharra irakurri dute, eta auzitegiek ezarritako zigorra "onartezina" dela esan dute. Horien esanetan, "Poliziaren jarrera bortitza babestu dute berriro ere, eta Iruñeko Udala erantzukizunetatik salbuetsi dute".

Auzitegi Gorenaren epaiak "Nafarroako Auzitegiarena zuzentzen du, errua Udaltzaingoarena izan zela jakinda ere, eta horregatik hain justu Udala zigortu zuten hasiera batean, beirazko botilak plazara sartzen uzteagatik", gaineratu dute.

Bestalde, Solak adierazi duenez, "ikurrina ateratzen eta txupinazoan defendatzen saiatzeagatik kondenatu gaituzte". Gainera, "euskal banderaren aurka UPNk duen obsesioa" gaitzetsi dute. "Ikurrina kaleetatik ezabatu nahi dute, eta horren ondorioz, gazte hauek kondenatu dituzte, eta horietako bat espetxean sartuko da datozen egunotan", salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena bideoak San Fermin jaiak