Politika -

Ustezko ustelkeria

Tania Sanchez eragimen-trafikoagatik inputatu dute

Inputazioaren berri izan eta gero, PPren kereila “funsgabea” dela azpimarratu du IUko diputatu ohiak. Horregatik, auzia artxibatzea eskatuko duela iragarri du Sanchezek.

Tania Sanchez IUko diputatu ohia. Argazkia: EFE
Tania Sanchez IUko diputatu ohia. Argazkia: EFE
Tania Sanchez IUko diputatu ohia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tania Sanchez Madrilgo Erkidegorako IUren hautagai ohia inputatu dute, prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta eragimen-trafikoa egotzita. PPk salaketa aurkeztu zuen urtarrilean, eta Arganda del Reyko argibideetako 6. epaitegiak politikaria inputatzea erabaki du.

Rivas Vaciamadrideko udal gobernuko beste kide batzuk ere inputatu ditu epaileak, besteak beste, jarduneko alkatea, Sanchezen garaian (zinegotzia izan zen Rivas Vaciamadriden) esleitutako kontratu batzuetan ustez egindako delituengatik, auto judizialaren arabera.

IUko diputatu ohiak ekainaren 23an deklaratu beharko du Hector Sanchez nebarekin batera. Anaia susmopean dauden zenbait kontraturen hartzailea izan zen. Raul Sanchez aita ere galdekatuko du magistratuak. Aita ere izan zen zinegotzia.

Pedro del Cura jarduneko alkatea, Yolanda Perez Diaz eta Maria Abril Barcelo Hector Sanchezen kooperatibako bazkideak egun bat lehenago galdekatuko ditu epaileak.

PPk, besteak beste, IUko diputatu ohiaren, haren aitaren, nebaren eta Rivaseko alkatearen kontrako kereila aurkeztu zuen urtarrilaren 19an, Madrilgo Auzitegi Nagusian, prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta eragimen-trafikoa egotzita.

"Oso lasai"

Epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu eta gero, “oso lasai” dagoela azaldu du Tania Sanchezek. PPren kereila “funsgabea” dela azpimarratu du Madrilgo Erkidegorako IUren hautagai ohiak. Horregatik, auzia artxibatzea eskatuko duela iragarri du Sanchezek.

PPren salaketak “interes politikoa” duela berriro esan du Sanchezek. Bere izena zikindu nahi dutela eta kereilak “batere oinarririk” ez duela salatu du ezkerreko politikariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Izquierda Unida