Politika -
VALENTZIAKO GENERALITATEA
PSPVk Valentzian Compromisekin abiatutako negoziazioa, bertan behera
Generalitateko presidentea nor izango den erabakitzen ez dira ados jartzen bi alderdiok. Compromisek bere hautagaia nahi du presidenterako, baina sozialistak ez datoz bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSPV alderdiak iragarri duenez, Valentziako Generalitaterako akordio bila Compromisekin abiatutako negoziazioa bertan behera utzi dute, "bi alderdien arteko harremanak bere onera etorri bitartean". Valentziako sozialistek esan dutenez, "oso minduta" daude Monica Oltrak zuzentzen duen koalizioak azken egunotan erakutsi duen jarrerarekin.
PSPVren arabera, Generalitateko hurrengo presidentea Oltra izatea jarri du baldintzatzat Compromisek, negoziazioetan aurrera egiteko. PSPVren iritzian baina, ez da zuzena Oltra izatea presidente, maiatzaren 24ko hauteskundeetan Ximo Puig hautagai sozialistak baino boto gutxiago eskuratu baitzituen.
Beste haustura-gune batzuk ere badira bi taldeon artean. Sozialistek salatu dutenez, Compromisek PSPVren babesa izango du Valentzian, Joan Ribo alkate izan dadin, baina Torrenten edo Gandian, adibidez, Compromisek ez dio herri horietako alkate sozialistei babesik eman nahi.
PSPVren arabera, sozialistek eta Compromisek Valentziako Generalitatean aldaketa ekarriko duen gobernua osatzeko hasi duten negoziazioa "arriskuan" dago, Compromisek Valentziako Presidentetzari uko egiten ez dion artean.