Politika -

Andaluziako Parlamentua

Andaluziako Parlamentuak gaur izendatuko du Susana Diaz presidente

Presidentegai sozialistak Ciudadanos alderdiaren babesa jasoko du arratsaldeko seietatik aurrera Andaluziako Parlamentuan egingo den bozketan.

Susana Diaz Andaluziako presidentegai sozialista Andaluziako Parlamentuan. Artxiboko irudia: EFE
Susana Diaz Andaluziako presidentegai sozialista Andaluziako Parlamentuan. Artxiboko irudia: EFE
Susana Diaz Andaluziako presidentegai sozialista Andaluziako Parlamentuan. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Diaz Andaluziako Juntako jarduneko presidente eta sozialisten presidentegaia gaur izendatuko dute Andaluziako presidente, martxoaren 22ko hauteskundeak izan eta 81 egunera.

Bozketa arratsaldeko seietan egingo da, Andaluziako Parlamentuan, eta presidentegai sozialistak Andaluziako Alderdi Sozialistaren eta Ciudadanos alderdiaren babesa jasoko du. Oposizioko gainerako hiru alderdiek (PP-A, Podemos eta IULV-CA) ezezko botoa emango dutela aurreratu dute.

Laugarren inbestidura saioan aukeratuko dute presidente; izan ere, aurreko hiru bozketetan sozialisten babesa soilik izan zuen, oposizioko gainerako taldeek kontra bozkatu baitzuten.

Andaluziako Parlamentuak Susana Diaz presidente izendatutakoan, erabakia Espainiako Gobernu presidenteari eta Espainiako erregeari jakinaraziko die, eta Errege Dekretu bat onartzea eskatu. Ondoren, eta behin erabakia Espainiako Aldizkari Ofizialean eta Andaluziako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Susana Diazek kargua hartu eta gobernua osatu ahal izango du.

Diazen kargu-hartze ekitaldia datozen egunetan izango da -igandetik aurrera-, eta lehenago edo geroago egingo da, aurretik aipatutako izapide horien arabera.

Martxoaren 22ko hauteskundeetan Andaluziako Alderdi Sozialistak 14 eserlekuren aldea atera zion bigarren indarra izan zen Alderdi Popularrari, baina ez zuen gehiengo absolutua lortu. Hori dela eta, sozialistek beste alderdiren baten babesa behar zuten Susana Diaz presidente izateko.

Gaurkoaren aurretik beste hiru inbestidura saio egin dira, baina horietan Susana Diazek ez du Andaluziako Parlamentuaren babesik jaso. Hala ere, atzo Alderdi Sozialistak eta Ciudadanosek akordioa egin zuten, eta horri esker izendatuko dute Susana Diaz presidente.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia