Politika -
Eguneko lerroburuak
EAJ-PSE negoziazioak eta Parisko Bake Konferentzia, eguneko albiste
Ostirala hasi aurretik irakurri beharreko bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Eten egin dituzte negoziazioak PSEk eta EAJk
Ahalik eta erakunde gehiagori egonkortasuna emateko xedearekin, itun ?globala? adosteko lanean ?irmo? jarraituko dute EAJk eta PSE-EEk, nahiz eta, egunez eguneko negoziazioetan ezberdintasun ?puntualak? agertu. Larunbatean udalbatzak osatu arte negoziazioak ?etetea? erabaki zuten bi alderdiek iragan asteazkenean.
Andoainen dute arazo nagusia eta, are gehiago, iturri sozialisten arabera, gaur gaurkoz, ezinbesteko baldintza da Andoaingo alkatetza-PSEri ziurtatzea negoziaketei berrekiteko. Sozialistentzat herri sinbolikoa da eta ezinbesteko deritzote boto jeltzale eta sozialistak batzea hauteskundeak irabazi zituen EH Bilduri agintea kentzek. EAJtik, baina, beste ikuspuntu bat dute. PSErekin negoziaketetan ?oztopo puntualak? badirela aitortu arren, akordio zabala lortzeko asmotan jarraitzen dute jeltzaleek, arazo horiek txikiak direlako euren esanetan eta inondik inora ez gaindiezinak.
Bakearen Aldeko Konferentzia, Parisen
ETAren armagabetze-prozesua ?bururaino? eramateko eta euskal presoen dispertsioa amaitzeko eskatu du Parisko bake-konferentziak.
Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin diete 110 pertsona ezagunek Euskal Herriko gatazkaren konponbidean zinez inplika daitezen.
Frantziako Gobernuak aurreratu du ez duela ETAren inguruan daraman politika aldatuko, eta Espainiako Gobernuak txalotu egin du jarrera hori, Parisko konferentzian esandakoak zaharrak berri izan direla erantsita.
Krisiaren aurreko erritmora bueltatuko gara
BBVA bankuaren arabera, krisi-aurreko erritmoan haziko da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia datorren urtean. Izan ere, % 3ko hazkundea aurrikusten du BBVAk 2016rako, eta %2.7koa 2015. urteari begira, Jaurlaritzak aurrikusitakoa baino bi hamarren handiagoa; batez ere barne eskariaren eta esportazioen joera indartsuek bultzatuko dute hazkundea.
Datozen bi urteetan 29.000 lanpostu berri sortuko direla ere badio BBVAk.
Cristina infantari titulua kendu dio erregeak
Gaur argitaratu du Espainiako Aldizkari ofizialak, Felipe VI.a Espainiako erregeak hartu duen erabakia: Kristina infanta bere arrebari Palmako dukesaren titulua kentzea, hain zuzen ere. Castro epaileak Noos auzian inputatu eta ia urte betera hartu du erabakia Espainiako erregeak. Errege-etxeak jakinarazi du, hori bai, eskubide dinastikoei uko egitea Kristina infantari dagokiola.
Alavesek badu entrenatzaile berria
Jose Bordalas da Alaveseko entrenatzaile berria, klubak atzo jakinarazi zuenez. Teknikariak denboraldi baterako sinatuko du, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Albertoren lekua hartuko du babazorroen aulkian.
Eskarmentu handiko entrenatzailea da Bigarren Mailan, eta azken bi denboraldietan Alcorcon entrenatzen aritu da. Bietan mailari eustea lortu du.