Politika -
Eguneko albisteak
Gorka Urtaran, Gure Esku Dago eta Unio, eguneko lerroburuak
Astelehenari heldu aurretik irakurri beharreko albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Urtaranek eskua luzatu die sozialistei
EAJ eta PSE-EE Udal eta Foru Gobernuetako koalizioak bideratzen ahaleginduko dira gaurtik aurrera, Gasteizko eta Andoaingo inbestidura saioetan ituna hautsi ondoren.
Gorka Urtaran Gasteizko alkate jeltzaleak koalizio-gobernua osatzeko eskaintza egin die sozialistei, eta adierazi du ez duela uste PSEko zinegotziek zuri bozkatu izanak ondoriorik izango duenik jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioetan. Bitartean, EAEko PPk oso haserre jarraitzen du Gasteizen gertatukoagatik. Nerea Llanos idazkari nagusiak adierazi du ?lotsagarria? dela jeltzaleek EH Bilduren babesarekin eskuratu izana Gasteizko alkatetza, eta horrek ondorioak izango dituela.
Gure Esku Dago, igandean
Gure Esku Dago dinamikak datorren iganderako antolatu duen ekitaldiarekin bat egiteko deia egin dute alor ugaritako 100 bat pertsona ezagunek. Helburu politiko desberdinen gainetik, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea dela aldarrikatu dute politika, sindikalgintza, kultura edota kirol-arloko dozenaka ordezkarik; tartean Xabier Arzalluz buruzagi jeltzale ohiak, Carlos Garaikoetxea lehendakariak edota Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak.
Erreferenduma Union
Katalunian, bitan zatituta agertu da Unio alderdia, burujabetza-prozesuaren inguruan egin duten barne-galdeketan. Josep Antoni Duran i Lleida buruzagiaren jarrera nagusitu da galdeketan, burujabetza-prozesu horri mugak jartzearen aldekoa; hala nola, aldebakarreko independentzia aldarrikapena baztertu, Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketa sustatu eta Europar Batasunean jarraitzaren aldekoa. Garaipena, ordea, estua izan da. Unioko 2.500 kidek eman dute iritzia, eta 125 botoren aldeaz irabazi dio Duran i Lleidaren jarrerak alderdiko sektore independentzia-zaleari.
Araba Euskaraz arrakastatsua
Jendetza elkartu zen atzo Gasteizen, Araba Euskaraz jaian, Oingo San Bizente ikastolari babesa emateko. Arabako Errioxako ikastolei bultzada berezia eman diete, mugako zonaldean egiten duten euskalduntze lanagatik.
Oiartzunek Lehen Mailan jokatuko du
Kiroletan, futbolean, Oiartzunek Lehen Mailan jokatuko du datorren urtean, Athleticekin eta Realarekin batera. Ez dute partidarik galdu denboraldi honetan.