Politika -

Eguneko albisteak

Nafarroako Parlamentua, Etxebizitza Legea eta Osasuna, lerroburuetan

Eguna hasi aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.

Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentua

IKER GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da IX. Legealdia Nafarroan

Aldaketaren Gobernua osatzeko negoziazioei buru-belarri helduko diete gaur Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. Gobernuaren lehentasunak finkatzeko akordioa eginda dute, eta gaur ardatz nagusi horiek zehazten hasiko dira, atalka, negoziazio mahai sektorialetan.

Aldaketa Parlamentuan abiatu dute. Indarrak batu dituzte inoizko parlamenturik anitzena eta euskaldunena osatzeko. Presidentetza Ainhoa Aznarez Podemos-Ahal Duguko ordezkariak hartu zuen atzo.

Gaur onartuko dute Etxebizitza Legea

Eusko Legebiltzarrak Etxebizitza Legea onartuko du gaur. Aurreikusi bezala, EH Bilduren, PSE-EEren eta UPyDren babesarekin onartuko da. Hiru alderdi hauek legea aurrera ateratzeko konpromisoa hartua dute, baina hainbat zuzenketa gorde dituzte gaurko osoko bilkuran bozkatzeko.

EAJ eta PP Etxebizitza Legearen kontra agertu dira, ziurgabetasun juridikoa eragiten duelakoan.

Unio, Kataluniako Gobernutik kanpo

Artur Masen Gobernua utziko dute Unioko hiru kontseilariek, UDCko iturriek aurreratu dutenez. CiU federazioa zatitzeko beste pauso bat dela ematen du.

Horrela, Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak, Ramon Espadaler Barne kontseilariak eta Josep Maria Pelegri Nekazaritza kontseilariak Exekutibotik alde egingo dute.

Hala ere, “legealdiko azken unera arte” Kataluniako Parlamentuaren egonkortasuna bermatuko duela adostu du UDCren zuzendaritzak, konpromisoak bete ahal izateko.

Udal hauteskundeak egin eta gero, udalen “egonkortasuna” bermatzea ere adostu du Unioren zuzendaritzak.

Akordiorako tarte gutxi Grezian

Europak Luxenburgon du jarrita du gaur arreta. Euroguneko Finantza ministroek hitzordua dute 15:00etan. Greziarekin negoziazioak desblokeatzeko azken saiakera izan liteke. Akordioa lortzeko epea bi aste barru bukatuko da, eta, oraingoz, agendan ez dago jasota Eurotaldearen bilera gehiago.

Osasunak hiru partida erosi zituela uste du epaileak

Fermin Otamendi Osasuna auziko epaileak sumarioaren gaineko sekretua altxatu zuen atzo. Horren arabera, Osasunak 900.000 euro erabili omen zituen partidak erosteko.

Espanyol 250.000 eurorekin saritu omen zuen partida bat berdintzeko, eta Betis, 650.000rekin (400.000, Valladolidi irabazteko, eta 250.000, Osasunaren kontra galtzeko).

Angel Vizcay Osasunako gerente ohiak ez zuen ukatu talde batzuk diruz saritu izana. Gainera, Betis futbol taldeko bi jokalarirekin, Antonio Amayarekin eta Jordi Figuerasekin, bildu zela onartu zuen. Osasunak 400.000 euro eman omen zizkion Sevillako taldeari Valladolidi irabazteko, eta 250.000 euro eman omen zizkion Sadarren galtzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Albisteak Gaur Albisteak Nafarroako Parlamentuko albisteak Osasunari buruzko albisteak Etxebizitzen merkatua