Itxi

Politika

E21

Gure Esku Dago: 'Erabakiaren aroa hasi da'

O.A. | ERREDAKZIOA

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria Euskal Herriko bost hiriburuetara hedatu da. Halaber, 2016ko udaberrirako lehen galdeketak iragarri dituzte.

1:38

Erabakiaren aroa hasi dela oihukatu dute igande honetan Euskal Herriko bost hiriburuetan eta, erabakitzeko eskubidea gauzatzen denean amaituko dela nabarmendu dute Baionan, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen egindako ekitaldietan.

Bestalde, ekitaldi guztietan azpimarratu dute "erabakiari begira" jarri direla milaka euskal herritar, "denon borondateek ehundu duten hautetsontzi horri begira". "Abiapuntu horretatik, erabakiaren aroa hasten dugu, dinamika honen fase definitiboa, behin-betikoa; igande honetan hasi eta erabakiaren egunean amaituko den azken txanpa", gaineratu dute.

San Mamesen, Anoetan eta Iruñeko zezen plazan egindako eguneko ekitaldi nagusietan Gure Esku Dago dinamikako kideek adierazi dute ez zirela aldarrikatzeko soilik jaio. "Borondateak ehundu behar ditugu eta horretan aritu gara sortu ginenetik. Borondateak ehundu; zer, nola eta noiz adostu; eta azkenik, erabaki. Hori da bidea", esan dute.

Bilbon Zelai Nikolasek, Donostian Anjel Oiarbidek eta Iruñean Aitor Merinok irakurri dute mezua Gure Esku Dago dinamikaren izenean. Mezu horretan aldarrikatu dute dinamika horren eskaintza hirukoitza dela: "anbizioa eskaintzen diogu, determinazioa eta herritarren borondatea. Azken helburura iristeko ezinbestekoa den grina, anbizioa. GU-RE ES-KU DA-GO esateak berak dakarren determinazioa, jarrera, txip aldaketa; eta oihal zati horietako bakoitzean islatzen den milaka herritarren borondatea, aldarri duguna egikaritzeko".

Ildo horretan, azaldu dute Euskal Herriak bere hautetsontzi propioa eraiki behar duela erabaki ahal izateko eta, horretarako, borondateak ehundu behar dira; "zer, nola eta noiz adostu; eta azkenik, erabaki. Hori da bidea".

Eraikitako hautetsontzi sinboliko horiek egi bihurtzea da orain helburua, hots, galdeketak egitea. 2016ko udaberrian egingo dituzte lehen herri galdeketak: Bizkaian, Ispasterren eta Diman eta, Gipuzkoan, Hernanin eta Goierri eskualdean.

Gure Esku Dago dinamikak Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroak lotu zituen iaz, giza kate erraldoia osatuta. Aurten, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak ekainaren 21erako jarria zuen hitzordu nagusia. Antolatzaileek Euskal Herriko bost hiriburuak hiriburuak borondatez bete nahi zituzten eta, horretarako, hautetsontzi erraldoiak eraiki dituzte, azken hilabeteotan herriz herri bildu dituzten oihal-zatiak elkar josita.

Gure Esku Dago dinamikaren lehen balorazioa

Gure Esku Dago dinamikak hedabideetara bidalitako balorazioan "pozik eta emozionatuta" daudela adierazi dute, gaurkoa ere "sentimenduz betetako eguna izan dela argudiatuta.

Antolatzaileen hitzetan, "egunaren hasierak aurreikuspen guztiak gainditu ditu beste behin", eta "zirrara izugarria izan da oihal katetan sentitutakoa".

Dena den, arratsaldeko ekitaldietan izandako parte-hartzearen harira, autokritika egin dute: "Arratsaldeko ekitaldiek, ordea, ilusio eta emozio guzti horiek azaleratzean gain, aulki hutsak ere jarri dizkigu parez pare zenbait lekutan.Herritarrez betetako aulki askoren alboan, hutsak ere baziren. Eta hori horrela, aulki huts horiek eskaintza bilakatu nahi ditugu. Aulki huts horiek oraindik ere batu ez ditugun herritarrei egiten diegun eskaintza dira. Umiltasunez, determinazioz eta borondatez. Sinesten dugulako badagoela oraindik herri honetan aulki horien jaberik".

Amaitzeko, zorion eta esker oneko hitzak izan dituzte mila lanetan "borondatez eta euren onena emanda jardun duten herritar guzti-guztiei".

Baiona

Baiona izan da euskal hiriburuetan goiztiarrena. Igandean musikaren festa ospatu dute Lapurdiko hiriburuan eta, jende asko biltzen duen festa denez, antolatzaileek ekitaldiak aurreratzea erabaki zuten. Gauzak horrela, Baiona izan da oihal katea osatzen lehen euskal hiriburua; izan ere, 11:00etan Errobi ibaiaren gaineko hiru zubiak bete dituzte.

MAM-eko argazkia: baiona-gure-esku-dago_

Baiona. Argazkia: EiTB

Handik Christian Belascain errugbi zelaira eraman dute erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena eta bertan egin dute ekitaldi nagusia 12:00etan. Oihalez osatutako boto-kutxa irudikatu dute zelai erdian, herritarrek idatzitako mezuekin. Ekitaldiari amaiera eman dion mezuan, Ihintza Ostolaza eta Iban Thicoipe Gure Esku Dago dinamikako kideek herritarren garaia dela gogoratu dute. "Herritarren boza entzunaraztea behar-beharrezkoa da, herritarren garaia da", esan du Ihintza Ostolazak.

Bestalde, erabakia herritarrei dagokiela nabarmendu du Iban Thicoipek: "Nola erabakiko dute gu zer garen guri galdetu gabe guk zer izan nahi dugun. Deliberatzeko eskubidea dugu eta baita ardura ere. Guk erabaki behar dugu zein herritan edo lurraldetan bizi nahi dugun eta nolako harremanak nahi ditugun inguruko lurraldeekin".

Gure Esku Dagoren ekitaldiak Baionan. Iturria: EiTB

Gasteiz

Oztopoen gainetik, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria kalera atera dute Arabako hiriburuan. Hasiera batean, eguneko ekitaldi nagusia Buesa Arena pabilioian egitekoak ziren, baina bertan egiteko trabak tarteko, kalean elkartu dira.

Goizeko lehen orduetatik jendea batu da Gasteizen, eta kolorez bete dituzte bertako kaleak. Arabarrak ez ezik, baina diasporatik etorritakoek ere tokia izan dute; zehazki, Kubatik, Venezuelatik, Mexikotik edota Uruguaitik etorri direnak ere izan dira.

12:00etan abiatu da oihal kalejira Konstituzio plazatik eta, Honduras kalea, Gasteiz hiribidea, Antso Jakitunaren kalea, Magdalena kalea, eta Prado kalea zeharkatu ondoren, Andre Maria Zuriaren plazan amaitu da.

Aipaturiko kalejira koloretsu hori anitza izan da eta bertan ikusi ahal izan dira, besteak beste, zanpantzarrak, Gure Esku Dagoren ikurra (eskua) atxikita zuen herritarren oihal zatiekin egindako bandera handi bat eta batukada talde bat.

Gasteiz Gure Esku Dago Foto: Flickr

Oihal katea Gasteizen. Argazkia: Gure Esku Dago

Geroago, 14:00etan "Arabarrok Erabaki" argazkia egin dute Andra Maria Zuriaren plazan.

Ondoren, 15:00etatik aurrera, hautetsontzi erraldoia eraiki dute oihalekin Plaza Berrian.

Gasteiz Gure Esku Dago Foto: Flickr

Hautetsontzi erraldoia Gasteizen. Argazkia: Gure Esku Dago.

Amaitzeko, Karmele Jaio idazleak idatzitako mezua irakurri dute.

Gure Esku Dagoren ekitaldiak Gasteizen. Iturria: EiTB

Bilbo

Bizkaiko hiriburuan, Donostian bezala, zerura jaurtitako suziri batek eman dio hasiera eguerdiko oihal kateari. Bilboren kasuan, Euskalduna zubitik Areatza arteko bidea hartu kateak.

Jendetza elkartu da Bilboko itsasadarren inguruetan. Iturria: EiTB

Dena den, eguneko ekitaldia nagusia San Mamesen izan da 17:30etik aurrera, eta bertan elkartu direnek musikaz, dantzaz eta bertsoez gozatzeko aukera izan dute.

Ekitaldian, Jose Angel Iribar Athleticeko eta Inaxio Kortabarria Realeko jokalari ohiek hautetsontzi bat eraman dute zelai erdian kokatuta zegoen eszenatokira. Horiez gain, bertan izan dira Kirmen Uribe idazlea eta Kepa Junkera musikaria, besteak beste.

San Mames Gure Esku Dago EITB

Bilbo. Argazkia: EiTB

Amaieran, Zelai Nikolas Gure Esku Dago dinamikako kideak mezua irakurri du.

Zelai Nikolasen mezua Gure Esku Dagoren Bilboko ekitaldian. Iturria: EiTB

Donostia

Goizean goizetik Urumea ibaiaren bazterrak jendez betetzen hasi dira eta eguerdian, suziria botatzearekin batera, Urumeako sei zubiak oihalez josi dituzte; Kursaal jauregiko zubitik hasi eta Realaren zubiraino.

Jaigiroan eta eguzkiak lagunduta, herritarrek besoak gora altxatu dituzte desioz eta aldarrikapenez betetako oihalak aupatuz. Guztira, 5.000 metroko olatua altxarazi dute. Aipaturiko oihal zatietan erabakitzeko eskubidearen aldeko mezuak idatzi dituzte herritarrek.

Parte-hartzaileak 30 minutuz egon dira oihal katea osatzen eta, denbora hori pasata, txalo artean amaitu da ekitaldia.

Sekulako giroa izan da Urumea ibaiaren bazterretan. Iturria: EiTB

12:30ean oihal katea amaituta, guztiak ere Anoeta estadio aldera abiatu dira; izan ere, han ospatu da arratsaldeko ekitaldi nagusia. 17:30ak pasatxoan hasi da ekitaldia danbor hotsak eta Jon Maiaren bertsoak entzungai zirela.

Ondoren, hainbat emanaldi izan dira: Eñaut Elorrietaren eta Joserra Senperenaren musika, Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna, eta bideo emanaldiak.

Amaieran, oihalak zabaldu dituzte Anoetako berdegunean.

Anoeta Gure Esku Dago Foto: Gure Esku Dago

Oihal zatiak Anoetako berdegunean zabaldu dituzte. Argazkia: Gure Esku Dago.

Gure Esku Dagoren ekitaldi nagusia Donostian. Iturria: EiTB

Kazetariei egindako adierazpenetan, Anjel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako kideak herri honetan "topagune" bat dagoela eta hori erabakitzeko eskubidea dela, eta bertan bat egiten dutela printzipio demokratiko horrekin bat egiten duten sentsibilitate politiko guztietako kideek. "Gaur topagune hori irudikatu nahi izan dugu bost hiriburuetan osatutako bost hautetsontzi erraldoiekin", gaineratu du.

Oiarbidek nabarmendu du Gure Esku Dagoren mezua hiritarrei zuzenduta dagoela eta ez alderdi politikoei. "Anoeta estadioan ez dira 22 futbol jokalari izango protagonistak, elkarrekin topagunea eratu nahi dugun eta guztiok elkarrekin Euskal Herriaren etorkizuna eraiki nahi dugun milaka pertsona baizik", azpimarratu du.

Amaitzeko, adierazi du gaur hasten dela erabakiaren aroa. Ildo horretan, azpimarratu du ez dituztela hautetsontzi erraldoiak dekorazio tresna izateko osatu, erabiltzeko baizik.

Iruñea

Nafarroako hiriburuan, gainerako euskal hiriburuetan bezala, oihal katea eginez hasi dute eguna. Iruñeko udaletxeko erlojuak hamabiak jotzearekin batera, adarraren soinuak eman dio hasiera oihal kateari. Bost plaza lotu dituzte: Udaletxe plaza, San Frantzisko plaza, Santa Ana plaza, Gaztelu plaza eta Burgoen plaza.

GURE ESKU DAGO IRUÑA PAMPLONA iturria: GURE ESKU DAGO FLICKR

Iruñeko oihal katea. Argazkia: Gure Esku Dago

Aitor Merino zine zuzendari eta aktoreak goizeko ekitaldian hitz egin du eta arratsaldean Iruñeko zezen plazan egingo den ekitaldi nagusian ere hitza hartu du. Goizeko ekitaldian esan du gaurkoan nafarrek beren etorkizuna libreki erabaki behar dutela pentsatzen dutenen ?batasuna? irudikatu nahi izan dutela. Merinok Gure Esku Dago dinamikak egindako deialdiak izandako parte-hartzea azpimarratu du eta ?itxaropen giroa? nabaritu duela gaineratu du.

17:30etik aurrera zezen plaza izan da Iruñeko ekitaldi nagusiaren topagune nagusia, eta Petti edota El Drogas musikariek hartu dute protagonismoa.

Amaieran, hautetsontzi erraldoia eraiki dute auzoz-auzo eta herriz-herri herritarrek jositako oihal zatiekin eta Gure Esku Dagoren abestia kantatu dute.

Gure Esku Dagoren ekitaldi nagusia Iruñean. Iturria: EiTB

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena