Politika -

Polemika

Arrigorriagako alkateak % 44 igo du bere soldata, protesta artean

45.000 euroko soldata eduki beharrean, 65.000 irabaziko ditu. Bizilagunak haserre agertu dira plenoan, eta "txorizo", "lapurra" eta "lotsagabea" oihukatu diote.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asier Albizua (EAJ) Arrigorriagako alkateak % 44 igo du bere soldata alderdiko eta PSE-EEko zinegotzien babesarekin, bizilagunek "txorizo", "lapurra" eta "lotsagabea" oihukatu dioten osoko bilkuran.

EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak kontra bozkatu duten igoera horrekin, 45.135 euroko soldata izan beharrean, 65.509 euro irabaziko ditu. Arrigorriagak 12.500 biztanle ditu, eta Bilbo ondoan dago.

Alkateak azaldu duenez, aurreko legegintzaldian, oposizioko taldeek, gehiengoari esker, alkatearen soldata murriztea adostu zuten.

Baina egungo alkateak azaldu duenez, soldata hori Eudelek gomendatzen duenaren azpitik dago.

Igoera gogor kritikatu dute oposiziotik (EH Bildu eta Arrigorriaga Gara), krisi eta langabezi handiko egoera batean egin duelako. Gainera, Maite Barahona zinegotzi sozialista duela lau urte soldata igoeraren kontra agertu zela gogorarazi dute.

Herritarren protesta

Herritar ugari bildu da Udaleko osoko bilkuran soldata igoeraren aurka protesta egiteko, eta "txorizo" eta "lotsagabe" oihukatu diote. Hala, alkateak aretotik ateratzeko eskatu dio herritarretako bati, eta Udaltzaingoak bertatik aterako zituela mehatxu egin du.

EAJk berretsi du Arrigorriagako alkateak "Eudelek agindutakoa baino soldata txikiagoa" izango duela.

Jeltzaleek prentsa-ohar batean azaldu dutenez, Eudelen araudiak dio "10.000tik 20.000ra arteko biztanleria duten Udaletako alkateek Eusko Jaurlaritzako zuzendarien pareko soldata" behar dutela izan, 67.087 euro, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Albisteak Gaur Arrigorriaga albisteak Eguneko albisteak Soldatak gaur EUDEL albisteak