Politika -
Eguneko lerroburuak
Barkos, Mendez de Vigo eta Jose Luis Bilbao, eguneko protagonistak
Egunari heldu aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Aldaketaren Gobernua, oso gertu
Nafarroan, ?aldaketaren Gobernua? osatzeko azken pausoak ematen ari dira. Programa akordioa erabat lotzeko bilera egingo dute gaur Geroa Baik, EH Bilduk Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. Akordio zabala lortuta, hurrengo pausoa Gobernua osatzea dela adierazi du Uxue Barkos presidentegaiak. Horren esanetan, ez dute kuoten araberako banaketa egingo, profilak eta balioak hartuko dituzte kontuan kontseilariak izendatzerakoan.
Bien bitartean, jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa ere ixtear dago Bizkaiko Foru Aldundia osatzeko.
Mendez de Vigo, Werten ordez
Iñigo Mendez de Vigo izango da aurrerantzean Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa. Europar Batasuneko Estatu idazkaria zen orain arte Mendez de Vigo.
Mariano Rajoyk eskerrak eman dizkio Jose Ignacio Werti orain arte Hezkuntza Ministerioan egindako lanarengatik eta, bereziki, LOMCE legearen inguruan erakutsi duen ?ausardiagatik?. Iñigo Mendez de Vigo gaur jabetuko da karguaz.
Errefuxiatuak eta Europar Batasuna
Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek baztertu egin dituzte errefuxiatu eskatzaileak banatzeko derrigorrezko kuotak. Atzoko goi bileran ezezkoa jaso ondoren, banaketa borondatezkoa izango dela aurreratu du Europako Batzordeak.
Greziaren inguruan ere ez zuten akordiorik lortu atzoko bileretan. Biharko egin dute hurrengo hitzordua Euroguneko finantza eta ekonomia ministroek. Asteartera arteko epea dute bi aldeen adostasuna lortzeko.
Jose Luis Bilbao, Herri Kontuen Euskal Epaitegira
Polemika piztu du Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide berrien aukeraketak. Eusko Legebiltzarrak epaitegi horretako zazpi kide berriak aukeratu ditu, horien artean Jose Luis Bilbao, oraindik jarduneko Bizkaiko ahaldun nagusi dena. Horrek eragin du eztabaida. Oposizioko taldeen ustez, hautagaitza horrek kolokan jartzen du Kontuen Epaitegiaren sinesgarritasuna.
Jeltzaleen eta sozialisten babesarekin atera da aurrera Jose Luis Bilbaoren hautagaitza.
Pneumokokoaren aurkako txertoa
Uztailaren 1etik hasita, aurten jaiotako ume guztiei eskainiko die Osakidetzak pneumokokoaren kontrako txertoa, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez. Urte hasieran erabaki zuen Osakidetzak pneumokokoaren kontrako txertoa egutegian sartzea, eta uztailean hasiko dira osasun zentroetan txertoa eskaintzen, atzo zabaldutakoaren arabera.
Urtero behar diren 100.000 dosiak erosteko 2,5 milioi euro bideratuko ditu Osasun Sailak.
Orain arte, gurasoek ordaindu behar zuten txertoa, eta dosi bakoitzeko 76 euro pagatu. Uztailetik aurrera, baina, doakoa izango da seme-alabari txertoa jarri nahi dioten gurasoentzat. Hiru dosi eskainiko dira, haurrak 2, 4 eta 12 hilabete betetzen dituenean.