Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Erraustegia legegintzaldi honetan bukatuko dutela iragarri du Olanok

Bestalde, EAJren eta ezker abertzalearen arteko harremanak "hautsita" daudela eta horiek berreskuratzeko "urteak" pasatuko direla ohartarazi du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Radio Euskadin. EiTB
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Radio Euskadin. EiTB
'Urteak pasako dira Ezker Abertzalearekin konfidantza berreskuratzeko'

01:08

D.P. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du erraustegia "legegintzaldi honetan bertan" eraikiko dutela.

"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan, azpiegitura hori eraikitzeko "30 hilabete" beharko dituztela zehaztu du buruzagi jeltzaleak. Dena dela, aldez aurretik egin beharreko ikerketa eta azterketa guztiak "epe laburrean" egingo dituztela aurreratu du, agintaldia bukatu baino lehen amaituta egon dadin.

Bestalde, Olanok adierazi du "argi" dagoela EAJren eta ezker abertzalearen arteko harremana "hautsita" dagoela lurraldean, eta "luze" emango duela "berriz berreskuratzea". "Urteak pasatuko dira ezker abertzaleak eta EAJk egoera berriz bideratu arte", ohartarazi du.

Horren ildotik, ezker abertzaleak "zubi guztiak hautsi" dituela eta "EAJren aurkako erasoen marra gorri guztiak" gainditu dituela kritikatu du.

Buruzagi jeltzaleak aitortu egin du egoera hori "txarra" dela, eta "nazio eskeman eragina" duela, baina konfiantza "hautsi" egin dela azaldu du. "Kosta egingo da konfiantza berreskuratzea; izan ere, kontua ez da bakarrik jarrera politikoa, baizik eta harreman pertsonala ere, eta hori hautsi egin da", esan du.

Era berean, Bilduk agintean "porrot" egin duela kritikatu du, eta azken lau urteetan "hainbat erronka ez aurrera ez atzera" geratu direla erantsi du.

"Gauzak nola egin zer egin bezain inportantea da", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Gaurko albisteak Gipuzkoa Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Markel Olano Ingurumena azken ordukoa Udal eta foru hauteskundeak 2023