Politika -
Ekitaldi instituzionala
Kongresuko taldeek ETAko biktimak omendu dituzte seigarren urtez
Beltran de Herediaren hitzetan, garrantzitsua da "gertatutakoa ez ahaztea". "Ez dugu onartuko biktimak iraintzea mezu makabroen bidez", esan du Mari Mar Blancok.
Agentziak
PPko, PSOEko eta Izquierda Unidako, besteak beste, hainbat ordezkarik parte hartu dute ETAko biktimak omentzeko Diputatuen Kongresuan egindako ekitaldian. Bertan, biktimak eta haien familiak gogoan izan dituzte eta jihadismoaren mehatxu "globalari" aurre egitea eskatu dute.
Ganberaren korridoreetan egindako adierazpenetan, Iñaki Oyarzabal PPren Justizia eta Askatasuna idazkariak bere alderdiak biktimekiko eta balore demokratikoekiko konpromisoa berretsi du.
Halaber, etsaien kontra "borrokatzeko" deia luzatu du; era berean, atzo Frantzian, Tunisian, Kuwaiten eta Somalian izandako atentatuetan hildakoak gogoan izan ditu. Oyarzabalen esanetan, jihadismoaren mehatxua "globala" da; hortaz, demokrazian bizi diren herrialdeen "erantzun irmoa ematea" beharrezkoa da.
Horren haritik ere mintzatu da Rafael Hernando Kongresuan PPk duen bozeramaleak. Hernandok "justiziaren, egiaren eta memoriaren kontakizuna" aldarrikatu du eta, era berean, PSOEk eta PPk duela urte batzuk lortutako terrorismoaren kontrako ituna nabarmendu du.
Ekainaren 27an egindako ekitaldian, seigarrena, Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidentea, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordea eta Espainiako Gobernuaren beste hainbat ordezkari izan dira, esaterako, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa.
Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak hitza hartu du ekitaldian eta Jesus Posada Kongresuko presidenteak ere hitzaldi laburra egin du, minutu bateko isilunea egin aurretik.
"Garrantzitsua da ez ahaztea"
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren arabera, biktimen aitortzarako bidean "aurrera egiteko garrantzitsua da gertatutakoa ez ahaztea".
Eusko Jaurlaritzak ekitaldira bidalitako ordezkaritzaren buru izan da Beltran de Heredia sailburua.
Jaurlaritzaren kideak adierazi duenez, "zalantzarik gabe, lan handia dago egiteko, bidea luzea eta batere erreza delako". Halere, Jaurlaritzak -"garatzen ari den planen bidez"- biktimekiko duen konpromisoa gogorarazi du.
Sailburuarekin batera, ekitaldian Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitza Idazkaritzako burua eta Monika Hernando Biktimak eta Giza Eskubideen zuzendaria ere izan dira.
Irmo "borreroen aurrean"
Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak irmo jokatzea eskatu du "borreroen aurrean" eta, era berean, justizia eta "benetako kontakizuna defendatzen jarraitzea" eskatu du, argi utzita biktimek baino ez dutela sufritzen: "Ez dugu onartuko biktimak iraintzea mezu makabroen bidez".
Egindako hitzaldian, terrorismo delituak jazartzeko deia egin du "zigorrik gabe gera ez daitezen" eta "intolerantzia eta gorroto keinuak egiten dutenek erakundeetan herritarren ordezkari izatearen" kontra azaldu da.