Politika -

Omenaldia

Ehunka lagunek Periko Solabarria omendu dute Barakaldon

Joan den asteazkenean hildako ezker abertzalearen militante historikoaren errautsak ikurrinen arten hartu dituzte Herriko Plazan.

Solabarriari eskainitako omenaldiaren irudia. Argazkia: EiTB
Barakaldoko plaza txiki geratu da Periko Solabarria omentzeko

0:33

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun bildu dira igande honetan Barakaldoko Herriko Plazan, Periko Solabarria omentzeko asmoz. Plaza horretan jendetza batu da, eta asteazkenean hildako ezker abertzalearen militante historikoaren errautsak hartu dituzte ikurrinen artean.

Hainbat eragile politikok, sindikalek eta sozialek antolatutako ekitaldia izan da, eta bertan bildutakoek Solabarriaren ibilbidea goraipatu dute. Solabarriaren semeek errautsak eraman dituzte kutxa batean, gizonaren txapela eta poltsarekin batera.

Gaurko ekitaldian ordezkari politiko ugari izan dira, tartean, Hasier Arraiz Sortuko idazkari nagusia, Pernando Barrena eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak, Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkidea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia eta Ahal Dugu alderdiko hainbat kide.

Ikurrinekin egindako pasilloarekin hasi da omenaldia eta, gero, bertsolariek eta dantzariek parte hartu dute.

Omenaldian parte hartzen ari zirenek loreak utzi dituzte Solabarriaren argazki handi bat zeukan eszenatoki batean. Ondoren, eragile sozialetako ordezkariek hartu dute hitza eta Periko Solabarriak "behar gehien zutenen alde egindako borroka politiko, sindikal eta soziala" azpimarratu dute.

Bestalde, hainbatek zenbait adierazpen egin dituzte, besteak beste, Solabararriaren alabak eta ezker abertzaleko zenbait kidek. Txusa Padrones Barakaldoko zinegotzi ohiak azpimarratu duenez, "bihotzan ere mina dugu".

Biografia

Solabarria, apaiz langileen artean lehenetarikoa, ezker abertzaleko militante historikoa eta langileen eta behartsuen eskubideen defendatzailea izan zen, eta asteazkenean hil zen, 85 urte zituela.

Portugaleten jaio zen, 1930ean, 24 urte zituenean apaiz egin zen, eta lehen egunetik langileengandik oso hurbil aritu zen lanean, langile tradizio handiko herri eta auzotan apaizgintzan. Langileen kezkak eta aldarrikapenak bereganatu zituen, eta apaiz langileen mugimenduaren sustatzaile garrantzizkoena izan zen Espainiako Estatuan, David Armentia jesuitarekin batera.Sindikatu eta gizarte mugimendu askotan aritu zen lanean, eta bere jardun politikoarengatik hainbatetan espetxeratu zuten, azkenik, apaiz izateari utzi behar izan zion arte.LABeko kide, Herri Batasuneko mahai nazionalekoa ere bai, bi legealditan Kongresurako diputatu aukeratu zuten, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide beste behin, batzarkide beste bitan eta zinegotzi Barakaldon ere bai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika